Euskararen Eguna ospatu eta tokiko euskara eragileen lana goraipatu dute Getxon

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2025eko abenduaren 3a

Getxoko euskalgintzako eragileak kalera irten dira gaur, abenduaren 3a ospatzeko, tokiko Udalagaz elkarlanean. Aurten, ospakizunak izaera berezia izan du, Egizu eta Bizarra Lepoan euskara elkarteen, ALBEren eta HIRUKAren urteurren borobilak gogoratu baitituzte. Horretarako, erakusketa berezi bat egin dute Algortako TikiToki zentroan, herriko euskararen bilakaera eta eragileen ekarpena uztartzen dituena.

Ildo horretan, Egizu eta Bizarra Lepoan euskara elkarteetako kide diren Rozio Luces eta Mikel Barcena gurekin aritu dira gaur egungo egoeraz eta urteurrenek duten esanahiaz. Bi elkarteen ibilbideak Getxoko euskalgintzaren eta auzo-ehunaren parte dira, eta urteotan egindako lana erakusketan islatu da. Lucesen eta Barcenaren esanetan, komunitatearen aktibazioa funtsezkoa da euskarak espazio gehiago irabazteko eta herri-dinamika berriak sortzeko.

Bestalde, Zaloa Campillo Getxoko Euskara zinegotziak mezu argia zabaldu du: "Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, Getxon ere ahotsa altxatu beharra dago". Campilloren arabera, euskara ez da komunikatzeko tresna hutsa, "gure etxea da, gure familia, gure kaleetan, gure eskoletan eta gure bihotzetan bizi den altxorra", eta, altxorra den neurrian, "zaindu, erabili eta ausart babestu" beharrekoa da.

Zinegotziak nabarmendu du Getxoko herritarrek euskaraz bizi nahi dutela eta hizkuntza-berdintasuna eskubide gisa ulertzen dutela. Horregatik, Udalak konpromisoa hartu du udalerriko arlo guztietan euskararen presentzia handitzen jarraitzeko. Campilloren hitzetan, "Euskara guztiona da, eta guztion artean egiten dugu indartsuago eta osasuntsuagoa: umeek jolasean, gazteek sareetan, helduek lanean, adinekoek eguneroko elkarrizketetan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun