Gabonetako Organo-zikloa egingo dute datozen egunetan Algortan

Iker Rincon Moreno 2025eko abenduaren 4a

San Nikolas Bariko parrokiako organoa, artxiboko irudian.

Algortako Merklin Organoaren Lagunak-AMOMA Elkarteak V. Gabonetako Organo-zikloa antolatu dute hilabete honetarako. Kontzertuak abenduaren 20, 26 eta 30ean izango dira, tokiko San Nikolas Barikoa parrokian. Emanaldiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrera doakoa izango da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, ekimen honen helburua da Eguberrietako egun horiek aprobetxatzea, aldarrikatzeko parrokiako organoaren kalitatea eta eskaintzen dituen aukera ugariak. "Programa askotarikoa eta kalitatezkoa izango da eta ospe handiko interpreteen esku egongo da", nabarmendu dute.

Lehenengo emanaldian,hilaren 20an, Alberto Mielgo saxo jotzailea eta Pedro Guallar maisu organista arituko dira. Hilaren 26an, aldiz, Aitor Olea organistak joko du eta, azkenik, hilaren 30ean, Xabier Andrada biolinistak eta Andoni Andrada organistak itxiko dute zikloa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun