Getxoko gaztelekuak hausnarketarako eta ikaskuntzarako gune bihurtuko dira aste honetan. Erromoko Guregunean eta Algortako Gauegunean Loturak Zabaldu Elkargune programaren tailerrak egingo dira, gazteak migratzaile gazteen istorio eta testigantzetara hurbiltzeko errealitate birtuala erabiliko duen ekimena.
Mihaela Jilavu Gazteria, Hezkuntza eta Kulturartekotasun zinegotziak nabarmendu du enpatiaren bidez aldaketa soziala sustatzea dela helburu nagusia. “Gazteek gure gizarteetara etorkizun hobe baten bila iristen direnen errealitatea zuzenean ezagutzea nahi dugu”, adierazi du.
Saio bakoitza aurkezpen labur bategaz hasiko da. Ondoren, gazteek errealitate birtualeko betaurrekoak erabiliko dituzte, migrazio-esperientziari buruzko kontakizun batean murgiltzeko. Jarduera amaitzeko, talde-elkarrizketarako espazio bat egongo da, gizarte inklusiboagoa eraikitzeko moduari buruzko iritziak eta ideiak partekatzeko.
Datak eta lekuak
- Erromo: Guregune Gaztelekua, abenduak 11 (18:30 – 20:00)
- Algorta: Gauegun Gaztelekua, abenduak 13 (18:30 – 20:00)