Venanciosen eraikitzen ari diren alokairuzko 54 BOEak esleitzeko prozedura, martxan

Izaro Garcia 2025eko abenduaren 4a

Eskaera Etxebideren bitartez egin beharko da ©HIRUKA

Getxoko Udalak daborduko ireki du Venancios auzoan eraikitzen ari diren 54 babes-ofizialeko etxebizitzak (BOE) eskuratzeko eskaera-epea. Interesa dutenek abenduaren 5etik 19ra egin ahal izango dute eskaera, Etxebideren bitartez.

Etxebizitzen artean, 3 mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo dira. Gainerako 51ak, ostera, logela kopuruaren arabera banatuko dira: 24 etxebizitza logela bakarrekoak izango dira, 25 bi logelakoak eta 2 hiru logelakoak.

Amaia Aguirre alkateak nabarmendu du proiektu honen helburua "etxebizitza-eredu irisgarriago bat sustatzea, batez ere gazteentzat eta etxebizitza eskuratzeko zailtasun gehien dituzten herritarrentzat" dela. Gazteen egoera bereziki aipatu du: "Getxotik joan behar izan zuten gazteek itzultzeko aukera izatea nahi dugu, eta hemen bizi diren gazteek bertan geratu eta beren proiektua garatu ahal izatea". Haren esanetan, ekimenak huen emantzipazioa erraztea du xede. 

Etxebizitza horiek eskuratu ahal izateko, Etxebideren erregistroan izena emanda egon behar da (alokairu modalitatean), eta gutxienez, titularretako batek Getxon erroldatuta egon beharko du urtebetez jarraian edo azken bost urteetan hirutan (2025eko abenduaren 4a erreferentzia-datatzat hartuta). Era berean, bizikidetza-unitatearen urteko diru-sarrerak 9.000 eta 45.022 euro artean egon behar dira, eta gehienez 6 kide izan daitezke. Ezinbestekoa da, halaber, inork ez izatea etxebizitzarik jabetzan, azalera-eskubidean edo usufruktuan.

Esleipenaren banaketa

  • 3 etxebizitza: mugikortasun urriko pertsonentzat
  • 14 etxebizitza: 36 urtetik beherako gazteentzat
  • 10 etxebizitza: eskubide subjektiboa dutenentzat
  • 15 etxebizitza: premia berezia dutenentzat
  • 12 etxebizitza: kupo orokorra

Eskaerak www.etxebide.euskadi.eus atarian egin daitezke, edo aurrez aurre Getxoko Torrene (Algorta) eta Las Mercedes (Areeta) bulegoetan. Bilboko Kale Nagusiko bulegoan ere aurkeztu daitezke, aldez aurretik hitzordua eskatuta edo posta bidez.

Baldintzak betetzen dituztenei gutun edo posta elektroniko bidez bidaliko zaizkie Etxebideren informazioa baita jarraibide zehatzagoak ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun