Justine Dupont eta Clement Roseyro, garaile Red Electrica Punta Galea Big Wave Challenge-n

Izaro Garcia 2025eko abenduaren 9a

Goizeko bederatzietatik giro aparta sortu zen Galean. Hondartzaren ingurua eta itsaslabarrak jendez gainezka zeuden ordurako: surflari beteranoak, argazkilari profesionalak eta kirolean murgildu berri diren zaleak, guztiak egunaz disfrutatzeko irrikan.

Lehen orduetan olatuek lau metro inguruko altuera zuten, baina mareak gora egin ahala, sei metrotara iritsi ziren. Aurtengoa lehiaketa berezia izan da; izan ere, lehen aldiz, emakumeak eta gizonak batera aritu dira olatu handiko proba internazional honetan. Guztira, 24 gizon eta 6 emakume sartu ziren uretara, 30.000 euroko sarien bila.

Txapelketaren hasieratik ustekabeak izan ziren. Kanpoan geratu ziren Nic Lamb (lehiaketaren txapelduna bi aldiz izan dena) eta Trevor Carlson bezalako nazioarteko kirolariak. Era berean, tokiko belaunaldi berriak nabarmendu ziren; Eder Fuentes, kasu, finaleraino iritsi zen. Baina ez zen goiz lasaia izan: olatuek gogor jo zuten. Guztira, sei tabla hautsi ziren, tartean Natxo Gonzalezena. Azkenean, oso alde txikigatik, Clement Roseyrok irabazi zion.

Emakumezkoetan ere maila aparta ikusi zen. Finaleko bost surflariak lehen aldiz zeuden Galeako olatu erraldoien aurrean. Justine Dupont nabarmendu zen hasieratik, atzetik Laura Coviella kanariarra eta Dominique Charrier txiletarra izanik. Bosgarren postua Nadia Erostarbe euskaldunak eskuratu zuen, Mikaela Fregoneseren atzetik.

Ikusleen aldetik, datu historikoak erregistratu ziren: 20.000 pertsona inguru bertaratu ziren, txapelketaren 20 urteko ibilbidean inoiz baino gehiago. Hori dela eta, jendetza kontrolatzeko, garraio publikoa indartu eta segurtasun-neurriak handitu behar izan ziren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun