AJANE eta Egoitz Mendez Getxoko 2025eko Boluntariotza Sarien irabazleak izan dira

Izaro Garcia 2025eko abenduaren 10a

AJANEk eta GAUDE elkarteko Egoitz Mendezek jaso zuten atzo 2025eko Boluntariotzaren sariak © GETXOKO UDALA

Romo Kultur Etxean banatu dira SAREKIDEk eta Getxoko Udalak antolatutako aurtengo Boluntariotzaren Sarien XXXII. edizioaren aitorpenak. Aurtengo sarituak Algortako adinekoen elkartea, AJANE, modalitate kolektiboan, eta Egoitz Mendez, GAUDEko boluntarioa, izan dira.

Sari horien bidez, tokiko boluntariotzak eta ekimen komunitarioek udalerrian duten garrantzia nabarmendu gura da. AJANEren kasuan, elkarteak zahartze aktiboaren alde egiten duen lana eta adinekoen egunerokotasuna aberasteko egiten duen ekarpena aitortu dira; izan ere,  2013an sortu zenetik, AJANEk 1.650 bazkide inguru bildu ditu, eta auzoaren bakardadea arintzea, harremanak sustatzea eta jarduera osasungarriak eskaintzea du helburu. Elkartearen egunerokoan 13 boluntariok egiten dute lan.

Egoitz Mendezen ekarpena ere azpimarratu du epaimahaiak. Hamarkada bat baino gehiago darama desgaitasun intelektuala duten pertsonei eta haien familiei laguntza pertsonalizatua eskaintzen, hurbiltasunetik eta errespetutik abiatuta. Gainera, denbora horretan 150 pertsona ingururi lagundu die (horietatik 127 Getxokoak).

Era berean, ekitaldian Amaia Aguirre alkateak eta Carmen Díaz Kohesio Sozialeko zinegotziak parte hartu zuten. Agirreren hitzetan, "Getxon, zailtasun garaietan ere, komunitatearen identitatearen parte da laguntzeko borondatea".

ARGAZKI SOZIALAK

Bertan Argazki Sozialen VIII. Lehiaketako sariak banatu ziren. Lehen saria ASEBIER Gaixotasun Arraroen Elkartearentzat izan zen, El vagón de los sueños argazkiagatik; bigarren saria Oliva Díaz Corredorrek lortu zuen, El hilo que nos une lanagaz; eta herri-bozketaren aipamen berezia Nerea Garaiazar Velascorentzat izan zen, Grandes pies, gran ausencia lanagatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun