Dirulaguntza horiek jaso ahal izateko, enpresek baldintza batzuk bete behar dituzte; besteak beste, kontratuak 2024ko uztailaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitartean hasi behar dira, eta mugagabeak edo aldi baterakoak izan daitezke, bai lanaldi osokoak, bai lanaldi partzialekoak.
Lanaldi osoko kontratuei dagokienez, bakoitzeko 8.000 euro jaso ahal izango dira gehienez. Hala ere, zenbateko hori 10.000 eurora irits daiteke DSBEren titularrak edo onuradunak, 35 urtetik beherako gazteak, 55 urtetik gorakoak edo iraupen luzeko langabeak kontratatzen badira.
Bestalde, arte eszenikoetan edo ikus-entzunezkoen sektorean lan egiten duten profesionalen aldi baterako kontratuak ere diruz lagunduko dira, gutxienez hiru hilabeteko iraupenagaz. Kasu horietan, laguntza 6.000 eurokoa izango da sei hilabete edo gehiagoko lanaldi osoko kontratuetan, eta 3.000 eurokoa hiru hilabetekoetan. Kasu horretan, laguntza 7.500 eurokoa izan daiteke, baldin eta talde zaurgarriren bateko pertsonei kontratu bat egiten bazaie. Era berean, enpresan emakumeen kopurua handitzeak % 10 handitu dezake laguntza, emakumeen enplegua sustatzeko neurri gisa.
Daborduko esandakoagaz batera, ezinbestekoa izango da kontratazioek enplegu garbia sortzea laguntzak jaso ahal izateko; alegia, enpresak aurreko sei hilabeteetan bere plantilla murriztu behar ez izatea. Gainera, ez dira kontuan hartuko aurreko deialdietan enpresa berean egindako kontratazioak.