Tailerra bereziki haurrei eta familiei zuzenduta dago, eta saioan zehar azalduko da zergatik diren garrantzitsuak habia-kutxak ingurune naturalean. Izan ere, txori intsektujaleek funtsezko zeregina betetzen dute gure ekosisteman, eta argazkien bidez erakutsiko dira kutxa horiek erabiltzen dituzten espezie ohikoenak. Iñigo Urkitza Ingurumen Zerbitzuko zinegotziak nabarmendu duenez, "gure parkeak eta lorategiak espazio biziak izatea nahi dugu, biodibertsitateak bere lekua izan dezan". Era berean, nabarmendu "guztion ardura" dela hiriaren parte diren espezieak babestea: "Ekintza txikien bidez, elkarrekin ikasi eta ingurune osasungarriagoa eraiki dezakegu".
Habia-kutxak muntatu ondoren, parte-hartzaileek hauek apaindu, marraztu eta zenbaki bategaz pertsonalizatu ahal izango dituzte. Zenbaki horri esker, kutxak identifikatu egingo dira, ondoren udalerriko parkeetan jarriko baitira. Aurreko edizioetan bezala, instalatutako kutxen kokapena udalaren webgunean kontsultatu ahal izango da.
Tailerra bi txandatan egingo da antolaketa errazteko: lehenengoa 10:00etatik 11:30era, eta bigarrena 12:00etatik 13:30era. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute, zein txandatan aritu nahi duten adieraziz, habia-kutxen kopurua mugatua dela eta. Antolatzaileek gogorarazi dute izena eman ondoren bertaratzea oso garrantzitsua dela, edo osterantzean, gutxienez bi eguneko aurrerapenagaz abisua ematea beharrezkoa da, eskaera handia baitago.
Izena emateko, boluenatura@gmail.com helbidera idatzi behar da.