Getxok Gabonetako segurtasun-kanpaina berezia prestatu du merkataritza-guneetan

Izaro Garcia 2025eko abenduaren 12a

Algortako dendak, artxiboko irudian.

Gabonetako erosketen garaia iristeagaz batera, Getxoko Udalak segurtasuna indartzea udalerriko merkataritza-gune nagusietan erabaki du. Hori horrela, Udaltzaingoak segurtasun-kanpaina berezia martxan jarri du Algorta, Areeta eta Itzubaltzeta/Romon, abenduaren 13tik urtarrilaren 17ra bitartean, Ertzaintzagaz elkarlanean.

Herritarrek erosketak lasaitasunez eta segurtasunez egin ahal izatea, eta aldi berean, merkatarien jarduna babestea da Udalak duen xede nagusia. Horretarako, denda gehienak biltzen dituzten eremuetan agenteen presentzia areagotuko da, bai oinez bai kotxez.

Lapurreta txikiak, ebasketak eta antzeko delituak saihestea da asmoa, eta Udalak nabarmendu duenez, neurri hauek prebentzioan oinarritzen dira, segurtasunaren ikuspegitik Gabonak ahalik eta normaltasun handienagaz igarotzeko.

Neurri osagarriak Gabonetan

Urtero bezala, ostalaritzako establezimenduen ixteko ordutegia luzatuko da Gabonak direla eta. Neurria abenduaren 12tik urtarrilaren 6ra arte egongo da indarrean, jaietan ostalaritza-sektorearen jarduera ekonomikoa babestu eta bultzatzea xede izanik.

Ordutegi-luzapena ostiraletan, larunbatetan eta jai-bezperetan aplikatuko da batez ere, eta lokal motaren arabera, bi ordura arteko luzapena izango dute. Gainerako egunetan ere ixteko ordutegia ohikoa baino beranduago izango da.

Horregaz batera, Itzubaltzeta/Romoko herri ikastetxeko jolastokia aparkaleku publiko gisa erabilgarri jarriko du Gabonetako hainbat egunetan. Neurriak herrigunean sortzen den ibilgailu-pilaketa arintzea eta herritarren mugikortasuna erraztea du helburu.

Aparkalekua abenduaren 24an, 25ean, 31n, urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an egongo da zabalik, ordutegi jakin batean. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun