Deialdiagaz bat egin dute ELA, LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek. Antolatzaileen arabera, Aldundiak udaberrian hasiko ditu obrak, azpiegiturak ondorio sozial eta sanitario larriak ekar ditzakeen arren, bereziki Artaza-Romo institutuan eta inguruko eskola zein ikastoletan.
Pasa den ekainean, Artatza-Romo institutuak, Betiko Ikastolak, Artaza Pinueta eskolak eta Romo eskolak dokumentu bateratua aurkeztu zioten Aldundiari, obrak gelditzeko eskatuz. Ikastetxeen arabera, ordea, ez dute erantzunik jaso, eta proiektuagaz aurrera jarraitzea erabaki da.
Plataformaren arabera, hasierako ingurumen-inpaktuaren azterketak baztertu zuen leherketak egitea eraikin sentikorretan izan zitzakeen ondorioengatik. Hala ere, antza denez, obrak bizkortzeko asmoz, txostena aldatu egin zen leherketak baimenduz. Horrek, salatu dutenez, zarata eta bibrazio maila handiak ekarriko ditu, eta osasunerako arriskuak areagotuko ditu.
Halaber, ohartarazi dute ez dagoela prebentzio-neurririk, ezta kontingentzia-planik ere, eta kutsatzaileekiko esposizio jarraituak ikasleen arnasketa-arazoak larriagotu ditzakeela.