Hausnarketa horri hasiera emateko, abenduaren 18an, eguena, 18:30ean, Azebarrin egingo dute lehen asanblada irekia. Deialdia Algortako jaietan parte hartu duten zein aurrerantzean parte hartu gura duten guztiei zuzenduta dago. Entzun, partekatu eta elkarregaz pentsatzeko hitzordua izango da.
Jai-batzordeko kideek azken urteetan jaiak sendotu direla diote, eta herritar askorentzat ezinbesteko bihurtu diren hitzorduak jarri dituzte adibidetzat; besteak beste, kuadrillen txapelketa, txosnagunea, auzoz auzoko programazioa edo Gazterdi txapelketa zein Algortagraff erakusketa. Baina aurrerantzean urrats bat harago joateko beharra ikusten dute.
Helburua ez da soilik jaiak hobetzea, baizik eta antolatzeko modua bera birpentsatzea. Jai-batzordeak eredu zabalago eta partekatuago baten aldeko apustua egin gura du. Hau da, elkarteek, kolektiboek eta norbanakoek protagonismo handiagoa izatea, ideia berriei lekua egitea eta jaien atzean dagoen lana modu orekatuagoan banatzea. Izan ere, urteetako lanak nekea ere ekarri du, eta erreleboak behar direla aitortu dute.
Jai-batzordetik herritarrak animatu dituzte bertaratzera eta euren ekarpena egitera: "Algortako jaiak guztionak dira, eta guztion artean eraikitzen jarraitu nahi ditugu".