Uribe Kostako Mankomunitateak eta Getxoko Udalak gizarte-zerbitzuak kudeatzeko hitzarmena berritu dute

Beatriz Antona Uribe 2025eko abenduaren 17a

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak eta Getxoko Udalak eskualdeko gizarte-zerbitzuak kudeatzeko hitzarmena berritzea adostu dute. Akordio honen helburu nagusia eman beharreko zerbitzuen kudeaketa finkatzea da.

Hitzarmen berria 2026ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean eta lau urteko iraupena izango du, luzatzeko aukeragaz. Lankidetza honen bidez, administrazioek gizarte-zerbitzuen sistemaren funtzionamendu koherente, eraginkorra eta bateratua lortu gura dute.

Hitzarmenak gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonei zuzendutako funtsezko bost zerbitzu kudeatuko ditu: eguneko arreta-zerbitzua, gaueko harrera-zerbitzua, tutoretzapeko etxebizitzak, neguko ostaturako bitartekoa eta bizitegi-bazterketa larrian dauden pertsonen zenbaketa.

Eguneko arreta eta gaueko harrera-zerbitzuak Getxoko udalerriko azpiegituretan eskainiko dira eta kostuak bi erakundeen artean banatuko dira. Tutoretzapeko etxebizitzei dagokionez, Getxok 11 plaza kudeatuko ditu eta Uribe Kostako Mankomunitateak 6 plaza, bakoitzak bere eremuko gastuak bere gain hartuz.

Zerbitzuak koordinatzeko eta hitzarmenaren gauzatzean sortu daitezkeen gorabeherak argitzeko Jarraipen Batzordea sortu dute eta urtero bi bilerak egingo dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun