San Nikolas Ikastolaren eraikin berria altxatzeko lehen lur palakada egin dute ikasleek

Iker Rincon Moreno 2025eko abenduaren 18a

Gaur egindako ekitaldi sinbolikoa. © SAN NIKOLAS IKASTOLA

Algortako San Nikolas Ikastolak HHrako bere eraikin berriaren altxatze-prozesuari hasiera eman dio gaur, eguenean, ikasleakaz batera egindako lehen lur palakada ekintza sinbolikoaren bidez. Obrak udagoienean abiatu baziren ere, ikasleek proiektuagaz lehen kontaktua izan dute gaur, eta obrako arduradunei modu sinbolikoan laguntza eskaini diete.

Modu pedagogiko batean, HH, LH eta DBHko ikasleek eraikin berria eraikitzeko proiektua gertutik ezagutu ahal izan dute. Peto horiak eta kaskoa jantzita, palak, aitzurrak eta eskorgak eskuan, "Gure Ikastola eraikitzen" mezua osatu dute kartelen bidez.

Arduradunek azaldu dutenez, ekintza sinboliko honen bidez ikastolaren egunerokoan sustatzen diren balioak –auzolana, parte-hartzea, euskara eta komunitatea– islatu gura izan dute, "modu naturalean". Gainera, ikasleek garabiak, kamioiak eta obraren berezitasunak "arreta eta poz handiz" ikusteko aukera izan dute.

Barruko egituraren infografia. © SAN NIKOLAS IKASTOLA

"Ikastola berriak hezkuntza proiektuarekin bat datorren espazio eredu berrituaren aldeko apustu sendoa egiten du", azpimarratu dute. Egurrezko CLT egituragaz eraikiko dute, "jasangarritasuna, ongizatea eta kalitate arkitektonikoa" uztartuko dituen eraikuntza-ereduaren bidez. Diotenez, horrek interesa piztu du EHUko eraikuntza jasangarriaren aditu-taldeen artean, eta bisita akademikoak egiteko aukerak aztertzen ari dira.

Proiektua, halaber, urte askotako lanaren fruitua dela esan dute, "erakunde eta eragile ezberdinekin elkarlanean landu eta garatutakoa". Eraikina udal-jabetzakoa den lursailaren emakidaren bidez garatuko dute, eta beraz, "eraikin berria herriarena izango da", nahiz eta San Nikolas Ikastolako bazkideek finantzatuko duten. Hala, San Nikolas Ikastolak bere izaera kooperatibo eta publikoa azpimarratu gura izan du, eta horren isla izango direla eraikinak izango dituen gune zabalak, "herrira irekiak, komunitatearen erabilerarako eta topagunerako pentsatuak".

Gaizka Arrizabalaga Ikastolako zuzendariaren esanetan, proiektuaren helburua argia da: “Ikastola berria ez da soilik eraikin gehigarria; ikasleek ulertu, sentitu eta bizitzen hasi daitezen pentsatutako proiektua da, naturarekin harremana zuzenean duena eta erabiltzen dugun konfiantzaren pedagogia filosofiarekin hobeto egokitzen dena”.

Naturari lotutako ikastola

Nabarmendu dutenez, eraikinak inguruneagaz bat egiteko apustua egiten du, "San Nikolas Natura Ikastola izateko bokazioarekin sortu da: natura eta kanpo espazioa eguneroko hezkuntza esperientziaren parte bihurtuko dituen ikastola, Getxoko erdigunean bertan, Arene kalean inauguratutako haurrentzako parke berriaren ondo-ondoan".

Ikastolaren eraikin berriak jolastoki zabalagoak eta naturagaz zuzenean konektatuta izango ditu, eta kanpo estalkia ere bai. Ikasgela guztiek kanpora irteteko aukera zuzena izango dute, eta eraikinak, gainera, Areneko jolas-parkerako sarrera-irteera zuzena izango du.

Barruko egituraren infografia. © SAN NIKOLAS IKASTOLA

Eraikuntza prozesuan, inguruan zeuden haritzak eta hurritzak errespetatu eta mantendu dira, "naturarekin bat egiteko borondate argiarekin". Horrela, San Nikolas Ikastolak Algortako erdigunean bertan Haur Hezkuntzako umeentzako “baso” moduko eremu bat izango du, "gradak, bidezidor
eta bidexkak, patio estaliak eta jolas gune berrituak barne, Arene kalean, ikasteko, jolasteko eta hazteko ingurune bizia izanik".

Proiektu osoa Haur Hezkuntzarako (1-5 urte) pentsatuta dago, adin-tarte horretako haurren erritmoak, behar emozionalak eta ongizatea erdigunean jarriz. Arduradunen arabera, eraikin berria 2027rako inauguratzea aurreikusita dago, eta datozen asteetan horren diseinuak eta eremuak ezagutarazteko ate-irekien jardunaldiak egingo dituzte: abenduaren 17an eta 18an eta urtarrilaren 21ean eta 22an.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun