Bost urteko ibilbidean, gosariak, brunch oparoak eta eguneko platerak bihurtu dira etxeko markarik ezagunenak. Noek berak "Goskari" hitza sortu du euskaraz brunch-a izendatzeko. Astean zehar, eguneko platera bertan jateko aukera dago, baina adi! Eskaintza osoa eramateko prestatuta dago, aste-akabuetan goskaria bertan jateko aukera izanik.
Gainera, bezero bakoitzaren beharretara egokitzen dira: glutenik gabeko aukerak, gatzik gabeko proposamenak, alergiak edo dieta bereziak dituztenentzako menu pertsonalizatuak… Aurretiazko abisua emanez gero, edozer presta dezakete, mimoz eta berehala.
Zer lehenesten duzue produktuetan?
Guk geuk egiten ez duguna gure filosofia partekatzen duten hornitzaileen bidez eskuratzen saiatzen gara, tokiko ekoizleen bidez, noski.
Bruch-a edo goskaria, gosariaren eta bazkariaren arteko "topaketa", herriko klasikoetako bat bihurtu da. Aste-akabuetan eta jaiegunetan eskaintzen da, eta hainbat plater hartzen ditu barne: tostada edo sandwicha, lasagna edo enpanada, kafea, koktelak… dena prezio itxian.
Esan bezala, La Fiambrerak urte osoan zehar eskaintzen du eramateko menua, Instagramen edo WhatsApp bitartez kontsulta daitekeena. Eta hori gutxi balitz, aurten Gabonetako menu berezia prestatu dute: marisko-saldak, kroketak, edo etxeko sukaldean askori kostatzen zaizkien plateretarako oinarriak. "Gure bezeroei lana erraztu nahi diegu", dio Noek.

Baina eskaintza ez da hor bukatzen. Kuadrilentzat prestatutako bazkari zein afari bereziak ere aukera dira, gutxienez 10 pertsonako taldeentzat. Taldea bertan hartzen dute eta tokian prestatutako menu bereziak zerbitzatzen dituzte, pintxoetatik hasi eta plater nagusietaraino.
La Fiambrera tokiko gastronomiaren eta ospakizun intimoen bilgune bihurtu da. Patio atsegin batean, musikagaz edo lagun artean, disfrutatzeko egina. Eta "behin probatzen duenak, gehienetan, bueltatzen da".
Bisita bat egiten animatuko zara? Aholku bakarra: gosaldu gabe etorri, goskariak ez baitu barkatzen.
VERMUCRETA
Vermoutha eskuan, kroketak mahai gainean eta biniloak martxan. Hilero, La Fiambrerak bazkalordua festa bihurtzen du, DJ bategaz, patioa jendez beteta… Elkartzeko aitzakia ezin hobea! Aurten bost urte bete dituen proiektuaren barruan, Vermucreta askorentzat ohitura da; besteentzat, ordea, galdu ezineko plana.