Begoñako galerien berreskuratze prozesua aurrera doa

Izaro Garcia 2025eko abenduaren 19a

Begoñako galeriak, artxiboko irudian.

Begoñako galeriek beste urrats garrantzitsua egingo dute datorren urtean beren berreskuratze prozesuan. Getxoko Udalak oniritzia eman dio areto nagusia egituraz sendotu eta sarbide monumentala zaharberritzeko obrei, eta proiektuak finantzaketa garrantzitsua jaso du, Estatuko proposamen nabarmenen artean. Era berean, galerien hegoaldeko pabilioia zaharberrituko da, laguntza publikoari esker.

Berreskuratze prozesua 2021ean hasi zen, eta ordutik lan teknikoak egin dira; hau da,  monumentua flyschoide labar baten gainean egoteak sortzen dituen arriskuak minimizatzeko lehentasunezko lanak, egitura seguruagoa eta egonkorra bihurtzeko. Fase teknikoak gainditu ostean, orain iragarritako obrek espazioaren balio monumentala berreskuratzea eta erabilera sozial, kultural zein hezitzaileak indartzea dute helburu.

2025ean ehun jarduera baino gehiago egin dira galerietan, milaka herritarren parte hartzeagaz. Amaia Aguirre alkate eta Punta Begoña Fundazioko lehendakariaren hitzetan, obra berriek "erabilera areagotzeko eta herritarren proposamen ugariei erantzuteko aukera emango dute".

Ildo horretan, prozesu honek nazioarteko aitortza ere jaso duela azpimarratu du Getxoko Udalak; hain zuzen ere, Begoña galeriek Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu dute Ondarearen Iberiar Sarietan, Portugalen eta Espainian aurkeztutako proiektuen artean. Epaimahaiak berrikuntza, memoria historikoaren lanketa eta herritarren inplikazioa nabarmendu ditu, besteak beste .

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun