Euria arazo bihurtu da Getxoko Zubileta HLHI ikastetxean

Izaro Garcia 2025eko abenduaren 22a

Zubileta HLHIko patioa, artxiboko irudian.

Zubileta HLHIko ikasleen gurasoen elkarteak Getxoko Udalari ikastetxeko aurreko patioan karpa bat jartzea eskatu dio, euria egiten duen egunetan ere jarduerak egin ahal izateko.

Idazki baten bidez, gurasoek gogorarazi dute urtebete igaro dela ikastetxeko frontoia erabili gabe geratu zenetik, itxiera-lanen ondorioz. Lan horiek amaituta egon beharko luketela azaldu arren, oraindik ez dituzte segurtasunez erabiltzeko beharrezko baimenak, eta gainera, ur-isuriak eta lur bustia daudela salatu dute. Egoera horrek konponbidea gehiago atzeratzea ekar dezakeela ohartarazi dute.

Testuinguru horrek antolaketa-aldaketa handiak eragin ditu azken urtean, irakasleen, ikasleen eta familien artean. Iaz, antzeko egoera baten aurrean, karpa bat eskatu zuten, eta hainbat bileraren ondoren, jarri egin zen. Aurten, ordea, berriro ere estalkirik gabe geratu dira.

Lanek eragin zuzena izan dute eskolaz kanpoko jardueretan, batzuk bertan behera geratu baitira. Gainera, sarrerak eta irteerak aire zabalean egin behar dira, eta ikasleek ez dute espazio estalirik ez gorputz-hezkuntzarako, ezta euria egiten duen egunetan atseden hartzeko ere. Arrastietan ikastetxean gelditzen diren familiek ere ezin dute hori egin, espazio egokirik ez dagoelako.

Neguaren etorreragaz batera, egoerak kezka handia sortu du familien artean. Horrez gain, gurasoek azpimarratu dute inguruan ez dagoela aisialdirako estalitako gunerik, eta Zubileta Udalak eskola-orduetatik kanpo irekita mantentzen dituen ikastetxe publikoetako bat dela. Horregatik, Udalari eskatu diote karpa jartzeko eskaera aintzat har dezala, ikasleen eta familien beharrei erantzuteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun