Ekimen honen helburu nagusia hirian hutsik dauden merkataritza-lokalak berriro irekitzea da, tokiko merkataritza indartuz. Dirulaguntza honen bidez hileko alokairuaren % 50 ordaintzen da, gehienez 400 euro hilean, 12 hilabetez. Horrez gain, zenbateko horri 150 euro gehiago gehitu dakizkioke hilean, sustatzaileak baldintza hauetakoren bat betetzen badu: gaztea izatea, ekimena emakumeek bultzatzen badute edo jarduera sustapen ekonomikoak bultzatu eta garatzen dituen esparru estrategikoetara bideratuta egotea.
Udalak merkataritza-lokalen itxierari aurre egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du. Hori dela eta, datorren urterako 100.000 euroko aurrekontua bideratuko du programa honekin jarraitzeko. Programa honen bigarren deialdian eskaerak egiteko epea 2026ko urtarrilaren 1ean hasiko da eta apirilaren 30era arte egongo da zabalik.