Eskerrik asko bihotzez euskararen alde uretara jauzi egin duzuen guztioi

Izaro Garcia · Hodei Torres 2025eko abenduaren 22a

Aste-akabu honetan Fadurako igerilekua elkartasun, emozio eta konpromisoz bete da. Swim Camp Getxo taldeak antolatutako IgeriBizi egitasmoaren hirugarren edizioak inoizko parte-hartzerik handiena izan du: 500 lagunetik gora, 27 elkarte eta dozenaka istorio, guztiak euskararen alde 24 orduz igeri egiteko elkartuta.

Aurtengo edizioa, gainera, guretzat bereziki hunkigarria izan da, HIRUKA omendu baitute, hamar urteotan euskaraz eta tokikotasunetik egindako lanagatik. Antolatzaileen eta parte-hartzaileen hitzek, zein jasotako maitasunak, indar handia eman digute aurrera jarraitzeko. Esker onez eta harrotasunez jaso dugu aitortza.

Ekimenari dagokionez, 2695 euro bildu dira parte-hartzaileen ekarpenei esker, eta horrek are gehiago azpimarratzen du IgeriBiziren izaera solidarioa. Uretako ahaleginagaz batera, Kimetz abesbatzaren kantuek Fadurako giroa berotu zuten.

Hori guztia posible egin duzuen igerilari, laguntzaile, elkarte, babesle eta herritar guztiei, eskerrik asko bihotzez. Zuek zarete euskara bizirik dagoela erakusten duzuenak, segi dezagun elkarlanean hizkuntza indartzen. Guk hemen jarraituko dugu, gertuko istorioak kontatzen, euskeraz eta zuekaz.


 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun