2024ko uztailean egindako behin-behineko onarpenean, Udalak 44.565 metro koadroko lurzoru urbanizaezina erabiltzea aurreikusten zuen kirol ekipamendu berrietarako. Eremu hori, ordea, akuiferoen kutsadurarekiko oso sentikorra da, eta beraz, Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialak (LPS) babestutako gunea.
EH Bilduk salatu zuen hasierako proposamenak LPSa urratzen zuela, araudi horrek debekatzen baititu kirol instalazioak halako eremuetan. Udal Gobernuak salaketa hori ukatu zuen hainbat hilabetez, baina 2025ean onartutako HAPOaren behin betiko testuak aldaketa jasotzen du: kirol erabilerarako azalera 16.653 metro koadrora murriztu da, errepide batek bereizitako bi eremutan banatuta. Horrek "ezinezkoa" egiten du aurreikusita zegoen futbol zelaia eraikitzea.
EH Bilduren esanetan, zuzenketak erakusten du hasierako planteamendua ez zela bideragarria. "Errealitateak eta ingurumen-araudiak behartu dute Udal Gobernua atzera egitera", adierazi dute, eta gogorarazi dute Eusko Jaurlaritzak berak jada 2022an ohartarazi zuela eremua berriz mugatzeko edo azterketa zorrotzagoa egiteko beharraz.
Udal Gobernuak egindako aldaketagaz, HAPOa behin betiko onartu ahal izan da, baina polemikak berriro ere mahai gainean jarri du ingurumen-babesaren eta hirigintza-plangintzaren arteko talka Getxon.