Onartutako tarifek, oro har, aurtengoak baino baxuagoak dira, eta sistema sinpleago zein gardenago baten aldeko apustua egiten dute. Prezio berriak 2026ko urtarrilaren 1ean indarrean egongo dira, eta Kirol Portuaren webgunean zein Kapitainetzako eraikineko iragarki-taulan egongo dira ikusgai.
Udalaren arabera, Getxoko Kirol Portua trantsizio-fase batean dago, azken urteotan beste portu batzuk aukeratu dituzten erabiltzaileak berreskuratu eta amarru berriak erakartzeko helburuagaz. Horretarako, prezioak doitzeaz gain, baldintzak ulergarriago eta egokiago bihurtu gura izan dituzte.
Amarruei dagokienez, sistema berriak ontzien esloraren araberako tarifikazioa ezarriko du, metroka, prezioa ontzi bakoitzaren neurrira egokitzeko. Gainera, kontzeptu guztiak hileko kuota bakarrean bilduko dira, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) eta nabigazioari lotutako tasa jakin batzuk salbu. Horri esker, erabiltzaileek argiago jakingo dute hilero zer eta zenbat ordaintzen duten.
Antzera gertatu da lokalekaz ere: tarifak berrikusi eta jaitsi egin dira. Berritasun nagusien artean, gastuen banaketa erabilera errealaren arabera egingo da hemendik aurrera. Hala, ura, saneamendua, hondakinak edo OHZa bezalako kontsumoak lokal bakoitzaren metro karratuen eta benetako erabileraren arabera kalkulatuko dira, kostuen banaketa bidezkoagoa izan dadin.
Amaia Agirre alkateak adierazi duenez, berrikusketak "etorkizunera begirako ikuspegi bati” erantzuten dio, helburua "portu ordenatuago, irisgarriago eta gardenago bat eraikitzea" izanik.
Tarifa berriei buruzko informazio zehatza eskuratu nahi dutenek Kapitainetzako bulegoetara jo ahal izango dute urtarrilaren 12tik aurrera, ohiko ordutegian, kontratu berrien inguruko zalantzak argitzeko eta izapideak egiteko.