Erdi Aroa izango da aurtengo Algortako Inauterien gaia

Izaro Garcia 2026ko urtarrilaren 7a

Algortako inauteriak, artxiboko irudian.

Algortako Inauteriek Erdi Aroko giroa izango dute aurten. Algortako jai-batzordeak herritarren parte-hartzea sustatzeko antolatutako inkestaren ondoren, Erdi Aroa izan da boto gehien jaso duen gaia, beste proposamenen gainetik.

Hainbat egunez zabalik egon den bozketan, herritarrek aukera izan dute 2026ko Inauterien gaia erabakitzeko, eta emaitzek argi utzi dute zein izan den gustukoena. Jai-batzordeak sare sozialen bidez eman du irabazlearen berri, eta prestaketak martxan daude jada Algorta Erdi Aroko giroan murgiltzeko.

Hala, otsailaren 20, 21 eta 22an, zaldunak, morroiak, mozorro historikoak eta Erdi Aroko iruditeria izango dira protagonista Algortako kaleetan.

Antolatzaileen esanetan, helburua Inauteri parte-hartzaile eta herrikoiak izatea da, eta gaia herritarren artean aukeratzeak norabide horretan sakontzen laguntzen du. Datozen asteetan, egitarauaren xehetasunak ezagutzera emango dituzte.

Beraz, mozorroei buelta ematen hastea besterik ez da falta… ea nork eramango duen jantzirik originalena!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun