Landa-mundura gerturatzeko aukera izango da Azebarrin

Izaro Garcia 2026ko urtarrilaren 8a

Azebarri Kulturgunea. © KULTURKLIK

Datorren urtarrilaren 23an, Algortako Azebarri kultur elkartean, Suharra filma ikusteko aukera izango da, arratsaldeko 19:00etan. 2025ean zehar hainbat zinemalditan aurkeztu ondoren, Azebarrikoa izango da Bizkaian egingo den lehen proiekzioa.

Emanaldia ez da filmera mugatuko. Izan ere, proiekzioaren ostean, Asier Albite abeltzain eta albaitari gazteagaz solasaldia izango da, filmak jorratzen duen errealitatean sakontzeko aukera eskainiz.

Suharrak 65 minutuko iraupena du, eta behi suharrak (betizuak, nafar kasta eta antzekoak) hazten dituzten hainbat baserritarren ahotsak biltzen ditu. Dokumentalak haien egunerokotasuna, lana eta bizimodua erakusten ditu, lehen pertsonan kontatutako testigantzen bidez.

Bai filma bai solasaldia euskaraz izango dira. Sarrerek 5 euro balio dute, eta mugatuak direnez, gomendagarria da aldez aurretik erreserba egitea.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun