Getxo kultura urbanoaren topagune bihurtuko da zapatu honetan

Izaro Garcia 2026ko urtarrilaren 8a

Ekitaldia 11:00etatik 21:30era egongo da zabalik etenik gabe.

Getxok hiriko kulturari eskainitako doako ekitaldia hartuko du larunbat honetan, urtarrilak 10, Fadura ondoan dagoen TikiToki gunean. Ekitaldia Wild Style Crew taldeak antolatu du, Garikoitz Raya eta Eneko Hernandez proiektuaren sustatzaileak izanik.

2025eko apirilean Bilbon egindako lehen edizioak harrera ona izan zuen, 500 lagunetik gora eta hamar marka baino gehiago bildu baitzituen. Horren ostean, proiektuak bigarren geldialdia egingo du Getxon. Beste behin ere, hiriko kultura eta sortzen ari diren markak formatu zabal eta irisgarri batean zentratuko dira, marka ezagunak eta tokikoak bateratuz.

Ekitaldia 11:00etatik 21:30era egongo da zabalik etenik gabe, eta sarrera doakoa izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, eguna bertan pasatzeko moduko proposamena da: publikoarentzako hainbat jarduera, food truckak dituen gune gastronomikoa eta stand espezializatuak izango dira. Besteak beste, hagin-gemak, grillzak eta tatuaje-zerbitzuak eskainiko dira.

Gainera, daborduko baieztatuta daude zenbait marka; hala nola Code, Inker eta Tooth Gems. Antolatzaileek espero dute Getxoko hitzorduak aurreko edizioko parte-hartze datuak gainditzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun