Getxok Kirol Metodologi LAB aurkeztu du, klubak indartu eta kirolaren etorkizuna lantzeko

Izaro Garcia 2026ko urtarrilaren 9a

Kirol Metologi LAB. © GETXOKO UDALA

Getxok berrikuntzaren aldeko apustu sendoa egin du kirolaren arloan. Getxo Kirolakek, Eusko Jaurlaritzagaz elkarlanean, Kirol Metodologi LAB (KML) jarri du martxan, kirol-metodologiak berritzeko eta tokiko kluben lana indartzeko sortutako laborategia.

Laborategia Fadurako Tiki Toki zentroan kokatuta dago, erabilera anitzeko eraikin berriaren bigarren solairuan. Kimet Sport enpresak garatu du, eta diziplina askotako profesionalak batu ditu: kirolean, teknologian, osasunean, komunikazioan, marketinean eta prestakuntzan adituak diren lagunak. Helburua da Getxoko kirol-klubei errendimendua hobetzen lagunduko dieten metodologia berritzaileak diseinatzea.

Atzo arratsaldean egindako aurkezpenean, udalerriko kirol- eta elkarte-sarearen aurrean, alkateak nabarmendu zuen proiektuaren garrantzia. Amaia Aguirreren esanetan, Kirol Metodologi LABek "kirol getxotarra kirol-kudeaketaren abangoardian kokatzen du, gure klubak indartuz eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko tresnak eskainiz". Halaber, azpimarratu zuen Tiki Tokik kirolaren dinamizazio-gune eta topagune gisa duen rola indartzen dela, Fadura udalerriko kirolaren "birika" gisa sendotuz.

Laborategiak metodologia-tresnak garatzeaz gain, prestakuntza eskainiko die klubetako teknikariei eta kudeaketa-arduradunei, eta jardunaldiak zein ekitaldiak sustatuko ditu. Dagoeneko Getxoko hainbat klubekaz elkarlanean ari dira.

Bestalde, KMLko arduradun nagusiak, Gari Fullaondok, azaldu du LABak kirolean metodologia propioa garatu gura duen edozein erakunderentzat erreferente izan gura duela; hau da, "munduko edozein kirol erakunderen Google izan nahi du". Ildo horretan, datozen hilabeteetan estatuko eta nazioarteko foroetan aurkezten hasiko dira, azken urteotan mundu osoko hainbat erakundekaz pilatutako esperientzia partekatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun