Getxoko bi elkartek epaitegietara joko dute Plan Urbanistiko berriak uholde-arriskua handitzen duela salatuta

Izaro Garcia 2026ko urtarrilaren 14a

Gobela ibaia urez gainezka, artxiboko irudian.

Gobela Ibaiko Kaltetuen Elkarteak eta Getxoko Auzokideok plataformak iragarri dute epaitegietara joko dutela Getxoko Hiri Antolamendurako Plan Orokor berriaren aurka, ustez uholde-arriskua handitzen duelako, baita beharrezko segurtasun-neurriak betetzen ez dituelako.

Elkarteek planak udalerria Euskadiko uholdeek kaltetutako gune nagusien artean kokatuko lukeela salatu dute. Hauen arabera, planak 60 hektarea hormigonatzea aurreikusten du, 100 futbol-zelaik hartuko luketen azalera, Gobela eta Kandelu ibaien arroetan. Horrek ura xurgatzeko gaitasuna murriztuko luke, eta eurite handien aurrean, uholdeak izateko aukera handitu.

Aurkeztutako datuen arabera, Getxoko biztanleriaren %12 uholde-arriskuan egongo litzateke; hau da, 9.000 pertsona baino gehiago. Horietatik, mila lagun baino gehiago arrisku handieneko eremuetan bizi dira gaur egun.

Elkarteek salatu dute planak ez duela aurreikusten derrigorrezkoa den Azterketa Hidraulikoa, araudiak halakoa egitea eskatzen duen arren, batez ere Gobela ibaiaren arroaren % 25etik gorako eremuan hirigintzako esku-hartzeak planteatzen direnean. 

Auzokideen esanetan, plan berriak ez du laguntzen uholde-arriskua murrizten, eta segurtasunari lotutako beharrak bigarren mailan uzten ditu. Horregatik, bide judiziala hartzea erabaki dute, planaren legezkotasuna azter dadin eta herritarren segurtasuna kontuan har dadin.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun