Getxok "Gurea erabil dezakezu" kanpaina abiatu du, nerabeei lehen mugikorra beranduago ematea sustatzeko

Izaro Garcia 2026ko urtarrilaren 15a

Parte hartuko duten saltokiek Gurea erabil dezakezu lelodun pegatina jarri beharko dute.

Getxoko Udalak "Gurea erabil dezakezu" kanpaina jarri du martxan, lehen telefono mugikorra izateko adina atzeratzen laguntzeko, baita smartphonerik gabeko nerabezaroa sustatzeko ere.

Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuak bultzatutako ekimenak telefono mugikorraren erabilera goiztiarrak mendekotasuna sortzen duela adierazi du, familietan kezka handia eraginez. Horregatik, Altxa Burua guraso-mugimenduagaz elkarlanean, mugikorra adin gero eta txikiagoetan ematea normalizatzea saihestu gura dute.

Kanpainaren bidez, udalerriko saltokiak eta zerbitzu publikoak inplikatuko dira, espazio seguru sare bat sortzeko. Horrela, 8 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeek, larrialdiren bat izanez gero, establezimendu horietako telefonoa erabili ahal izango dute, mugikor propioa izateko beharra murriztuz. Parte hartzen duten saltokiek "Gurea erabil dezakezu" lelodun pegatina jarriko dute sarreran edo erakusleihoan.

Getxoko Udalak 1.200 saltoki eta zerbitzu publikori egin die deia kanpainara bat egin dezaten, eta interesdunek izena eman dezakete udalaren webgunearen bidez.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun