Getxok Saharako haurren harrera sustatuko du beste uda batez

Izaro Garcia 2026ko urtarrilaren 16a

Udalerriko egoiliarrek zein bertan lan egiten dutenek har dezakete parte.

Getxon daborduko irekita dago Saharako haurrak udan familietan hartzeko Oporrak Bakean–Vacaciones en Paz programan izena emateko epea, eta ekimenean parte hartu gura dutenek otsailaren 25era arte izango dute horretarako aukera.

ATFAL Sahararen aldeko Getxoko Elkarteak antolatutako programa da eta, Getxoko Udalaren laguntzagaz, 8 eta 9 urte bitarteko haur sahararrei zuzenduta dago.

Uztaila eta abuztuan zehar, Aljeriako Tindoufeko errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren haurrek aukera izango dute bertako muturreko baldintzetatik aldentzeko. Izan ere, udan tenperaturak 55 gradura irits daitezke eremu horretan. Programaren bidez, haurrek atseden hartzeaz gain, osasun-azterketa orokorrak, oftalmologikoak eta hortzetakoak egiteko aukera ere izaten dute, baita bestelako esperientzia kultural eta sozialak bizitzekoa ere.

Getxoko Udalak azpimarratu du programagaz lotutako hainbat gastu finantzatuko dituela; joan-etorriko bidaiak eta antolatzen diren jarduerak, besteak beste.

Izen-ematea ATFAL elkartearen bidez edo Getxoko Udaleko Lankidetza Sailean egin ahal izango da. 

ELKARTASUN KEINUAK

Bestalde, Urtarrilaren 30era arte zabalik dago Euskal Karabana Solidarioaren baitan elikagai eta oinarrizko produktu higienikoen bilketa, Getxoko hainbat ikastetxe eta kiroldegitan, Tindoufeko kanpamenduetan dagoen elikadura-krisiari aurre egiteko asmoz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun