Udalerriko eskaintza turistikoa Eusko Jaurlaritzaren Euskadi–Basque Country standean egongo da, Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatutako espazioan.
Flyscheko dragoia familiei zuzendutako argitalpena da, Bizkaiko kostaldeko flyscha ezagutarazteko sortua. Kondaira baten bidez, itsas izaki erraldoi bat aurkezten du, Bizkaiko Flysch eremuaren maskota bihurtzeko helburuagaz. Eremu horrek Getxotik Bakiorainoko kostaldea hartzen du, eta balio geologiko zein turistiko handia du, bai paisaiagatik bai Lurraren historia irakurtzeko aukera ematen duelako.
Bestalde, Getxok Surfaren Herrien Sarean duen parte-hartzea ere azpimarratu gura du FITURen. 2022an sortutako sare horrek surf turismoa modu jasangarrian garatzea du helburu, eta hainbat udalerri elkartzen ditu estatu mailan. Getxoren kasuan, NextGenerationEU funtsen bidez garatutako jarduerak aurkeztuko dira, gobernantzan, berrikuntzan, eragin sozialean eta lurralde-sinergietan oinarrituta.
Udalak nabarmendu du Getxoko ondarea eta nortasuna ezagutaraztea duela xede, turismoa esperientzia jasangarri eta partekatu bihurtuz.