Getxoko Udalak eta UN Etxea GKEak antolatuta, dokumentalak osasuna ulertzeko beste modu bat planteatu gura du; hau da, lanak elkartasuna, zaintza, osasunerako eskubidea eta pertsonen ongizatea bezalako balioak jartzen ditu erdigunean. Bereziki gazteei begira egindako lana da, etorkizun bidezkoago baten aldeko mezua helarazteko.
2023an "Eman minutu 1… OSASUNA" lehiaketako 14. edizioko lan irabazlea izan zen eta 20 minutuko iraupena du. Gainera, dokumentala Amurrion, Zumaian, Gordexolan eta Balmasedako Kolitza mendian grabatuta dago.

Proiekzioaren ostean, solasaldi bat egingo da ikusitakoa partekatzeko eta sakontzeko aukera eskainiz. Bertan izango dira Jose Miguel Llano dokumentalaren zuzendaria; Abel Fernandez, aniztasun funtzionala duten pertsonei laguntzen dien Ezina Ekinez Egina elkarteko sustatzailea; eta Ziortza Llano, Nikaraguako Tipi Tapan zaldi bidezko terapiaren proiektuaren zuzendaria.
"Askotan isilarazitako errealitateak ikusarazten dituen ekimena da, eta enpatia eta konpromiso soziala indartzen ditu", azaldu du Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak.
Ekitaldi berean aurkeztuko da !Eman minutu 1... KULTURA" lehiaketaren 16. edizioa ere, kultur bizitzan parte hartzeko eta gozatzeko eskubidea ardatz duena.
Dokumentala ikusi gura dutenek aldez aurretik eman dezakete izena antolatzaileek prestatutako formularioaren bidez.