Ayok azaldu duenez, Getxoko Udalak sortzaileentzat ematen duen beka bati esker argitaratu zuen iaz bere lehen lana. "Etxean denbora asko eman behar izan nuen garai batean ekin nion proiektuari; nik betidanik idatzi dut, eta inolako asmorik gabe bidali nuen lehiaketara, eta beka eman zidatenez, liburua idatzi behar nuen".
Liburuak amonak Gerra Zibilean eta Oleronen eta Orlyn (Frantzia) erbestean bizitakoa kontatzen du. "Badakigu ume asko atzerrira bidali zituztela baita gerran gertatutakoak ere, baina umeen eta emakumeen begirada hori oso gutxitan landu da; nik liburuari ikuspuntu hori eman diot", kontatu du. Bere amonak beti esaten omen zuen Frantzian "oso pozik" egon zela, baina familiako gutunak aztertzean, Ayok bestelako errealitate bat aurkitu zuela adierazi du: deserria, familiarengandik urrun egotea eta babeslekuen trauma, besteak beste.
Amonak kontatutakoak eta bere orduko gutunak erabili ditu Ayok istorioa osatzen hasteko, "fikzio oso gutxi dago; irakurleak erabaki dezala zer den benetakoa eta zer ez". Etxean zeukan materialaz gain, Salamancako artxiboetan ere aritu zen informazio bila: "Beraiek gerrari buruz oso gutxi hitz egiten zutenez, kontatzen ez zizkiguten gauza asko aurkitu nituen han". Adibidez, horrela jakin zuen birraitona sozialista izan zela eta penintsula osoan zehar egon zela borrokatzen; birramona eta ahizpa txikia, berriz, Bartzelonara joan ziren.
Ayok aipatu duenez, amonak bonbardaketez, Artazako bunkerraz edo Gernikako suntsiketaz ere hitz egiten zuen: "Beraientzat bereziki gogorra izan zen alde egin behar izan zuten unea. Gernikan gertatutakoaren ondoren, gurasoek umeak erbestera bidaltzea erabaki zuten, eta Santurtzin itsasontzi batean sartu zituzten. Duela gutxi hil den amonarekin joan zen auzokide batek gogoan zuen amonak alde egin zuten egunean zeraman soinekoa. Oso mingarria izan zen beraientzat". Horregaz batera, amonaren hausnarketa bat ekarri du gogora: "Gerra dirudunek diru gehiago izateko tresna besterik ez da... beti galtzen du herriak".
Hizkuntzaren hautuaz, idazleak argi izan zuen liburuak euskaraz egon behar zuela: "Gutunak gaztelaniaz zeuden, eta amonak ez zuen euskara ikasteko aukerarik izan, baina oso harro zegoen guk bagenekielako". Aurkezpenean, auzokide askok gaztelaniara itzultzeko eskatu zioten Ayori: "Orain, bigarren partea idazten ari naiz, lehenengoan 1938ra arteko gertatutakoa jaso baitut. Biak kaleratzen ditudanean, biak batzea batzea itzultzea da asmoa, amak edo antzeko egoera bizi izan dutenek ere irakurtzeko aukera izan dezaten".
Publikoaren harrera eta interesa esperotakoa baino askoz hobea izan dela gaineratu du Ayok, eta pozik azaldu da familiaren ondarea paperean jaso duelako: "Jende askok gelditu nau galdetzeko liburuari buruz berba egiteko, eta ea itzzliko ote dudan galdetzeko; egia esan, ez nuen uste horrenbesteko oihartzuna izango zuenik".