Segurtasun Sailak jasotakoaren arabera, erasotzailea beste hiru lagunegaz hurbildu da banku batean eserita zeuden hiru gazterengana eta, jarrera agresiboa erakutsiz, eztabaidan hasi omen zen. Une batean, adingabeak labana bat atera eta beste hiru gazteak korrika ihesi hasi ziren, baina erasotzaileak horietako bat harrapatu eta bi labankada eman zizkion; bat lepoan eta bestea bizkarrean.
Erasoaren ostean, ustezko egileak ihes egin zuen eta bertan zeuden hainbat herritar biktima laguntzera hurbildu ziren. Ertzaintzako agente batek lepoan zuen zauria taponatu zion orduan, osasun-zerbitzuak iritsi bitartean. Jarraian, 18 urteko zauritua ospitale batera eraman zuten egoera larrian, eta bertan ingresatuta geratu zen.
Ertzaintzak berehala ekin zion ikerketari eta ustezko erasotzailea Getxoko etxebizitza batean lokalizatu eta atxilotu zuen gertaera jazo eta ordu gutxira. Atxilotuak zauri bat zuen hankan, eta osasun-zentro batean artatu behar izan zuten polizia-zaintzapean. Adingabeen Fiskaltzak gertatutakoaren berri jaso zuen, eta 15 urteko gaztea aske geratu da dagozkion polizia-izapideak amaitu ostean.