Gizon bat espetxeratu dute Getxon bikotekide ohiari labanaz eraso egiteagatik

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 3a

Algortako Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du auzoan jazotako azken eraso matxista gaitzesteko.

Gizon bat espetxean sartu dute Getxon, joan den zapatuan bikotekide ohiari labanaz eraso egitea egotzita. Emakumeak ospitalean jarraitzen du jasandako lesio larrien ondorioz. Udalak indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aktibatu du, eta Algortako Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du bihar arratsalderako, otsailaren 4rako.

Erasoa aurreko zapatuan, urtarrilaren 31an, jazo zen, 13:35ak inguruan, Algortan. Lekukoek Getxoko Udaltzaingoari deitu zioten gizon bat emakume bati arma zuriz erasotzen ari zela ohartarazteko, eta polizia-patruila bertaratu zenean, emakumea larri zaurituta aurkitu zuten. Gizonezkoak berak aitortu zuen egindakoa, eta agenteek erabilitako labana inguruan aurkitu zuten.

Atxilotuaren aurkako diligentzietan, Getxoko Emakumearen aurkako Indarkeriaren Epaitegiaren aurrean deklaratu ostean, epaileak espetxeratzea agindu du. Udalak, bere aldetik, indarkeria matxistaren aurkako jarduketa- eta koordinazio-protokoloa martxan jarri du, eta Bozeramaileen Batzarra deitu du eguaztenerako.

Eraso horren aurrean, Algortako Mugimendu Feministak mobilizaziora deitu du, "erasorik ez erantzunik gabe" lelopean. Elkarretaratzea bihar, otsailaren 4an, 19:30ean izango da Telletxe plazan, indarkeria matxistaren aurrean gaitzespena adierazteko eta biktimari babesa erakusteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun