Ikerketa pasa den urteko irailean hasi zuen Getxoko Ertzaintzak, eta bariku honetan egin dute esku-hartzea, Ertzaintzaren beste unitate batzuen eta Getxoko Udaltzaingoaren laguntzagaz batera. Operazioan bi emakume atxilotu dituzte, 36 eta 27 urtekoak, prostituzioa indarrez bideratzea, droga-salmenta eta baimenik gabeko botiken salmenta egotzita.
Poliziaren arabera, hiru emakumeak etxebizitza berean bizi ziren, 3,5 metro koadroko gela txiki batean pilatuta, mugitzeko askatasunik gabe. Egun osoan zehar zaintzapean egoten ziren; hau da, atxilotutakoetako batek bertatik kontrolatzen zituen, eta gainera kamera bat ere bazegoen etxe barruan, irudia eta soinua grabatzen zituena.
Ikerketak agerian utzi duenez, biktimak egunean gehienez bi orduz irten zitezkeen etxetik, eta gainerako denboran bezeroak noiz agertuko zain egon behar izaten zuten. Horregaz gainera, sexu-zerbitzuengatik lortutako diruaren %50 ematera behartuta zeuden.
Bestalde, agenteek egiaztatu dute atxilotuek bestelako jarduera ilegalak ere egiten zituztela etxebizitza berean. Izan ere, bertaratzen ziren bezeroei substantzia estupefazienteak eta zutitzearen disfuntziorako botikak saltzen zizkieten, baimenik gabe.
Bi atxilotuak epailearen esku utzi dituzte zapatu honetan. Askatutako emakumeei, berriz, arreta eta babesa eman zaie, zaurgarritasun egoera kontuan hartuta.