Getxoko San Esteban egoitzako langileek mobilizazioak iragarri dituzte lan-eskubideen urraketak salatzeko

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 10a

Getxoko San Esteban egoitzako langileen lehen protesta urtarrilaren 30ean egin zuten, baina mobilizazio gehiago iragarri dituzte. © LAB SINDIKATUA

Langileek adierazi dutenez, urteak daramatzate salatzen euren lan-eskubideak sistematikoki urratzen direla, eta egoeraren aurrean antolatu egin dira eta eskubideak defendatzeko kalera ateratzea erabaki dute. LAB sindikatutik jakinarazi dutenez, enpresaren jarrerak eta azken asteetan izandako gertakariek gatazka areagotu egin dute, eta horregatik beraien egoera gizarteratzea erabaki dute. Hurrengo protesta hilaren 12an egingo dute egoitzaren arruean.

LAB sindikatuak azaldu duenez, hilabeteetako lanaren ondoren, abenduan hauteskunde sindikalak egin zituzten egoitzako langileen artean, eta orain arte ordezkaritza osoa izan duen UGT sindikatuaren ordez, LABek ordezkari guztiak lortu zituen. "UGTk urte luzez enpresaren mesedetara jokatu du eta urraketak estali ditu; langileek aldaketa eskatu dute eta hauteskundeetan argi adierazi dute", adierazi dute sindikatu abertzaletik.

Horregaz batera, langileen helburua argia dela azpimarratu dute: azken hamarkadetan bete ez den hitzarmen kolektiboa errespetaraztea eta lan- eta bizi-baldintzak hobetzea. Horien artean aipatu dituzte material eta EPI faltak, ratioen hobekuntza, formakuntza orduen ez betetzea eta atsedenen gabezia. "Langileen baldintzak hobetzea ez ezik, erabiltzaileentzat ere onuragarria da hori guztia", adierazi dute.

LABek salatu duenez, enpresaren zuzendaritzak hasieratik oztopoak jarri ditu sindikatu berria ordezkari izatea eragozteko, "langileak mehatxatuz, banatuz eta hauteskunde prozesua boikotatzen saiatuz". Hauteskundeak igaro ondoren, urtarrilean enpresagaz biltzeko eskaria egin zuten, hainbat arazo mahai gainean jartzeko, baina erantzuna ezezkoa izan zela salatu dute: "Enpresak argi esan zigun ez zela LABeko inorekin bilduko; hori eskubide sindikalen urraketa larria da".

Egoera horren aurrean, langileek Lan Ikuskaritzara jo dute eta mobilizazio dinamika abiatu dute. Lehen protesta urtarrilaren 30ean egin zuten, eta hurrengoa otsailaren 12an izango da, 17:00etan, egoitzaren aurrean. "Oraingoan familiei ere gatazkaren egoeraren berri eman nahi diegu", azaldu dute, eta iragarri dute hortik aurrera mobilizazio gehiago etorriko direla.

Bere aldetik, LABek berretsi du borrokan jarraituko duela San Esteban egoitzako langileen lana duintzeko: "Argi daukagu: langileen lan- eta bizi-baldintzak lehen lerroan jarriko ditugu. Pribatizazioa, zaintza langileon miseria".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun