XIX. Getxoko Sasoi Sasoian gala inguruko kirolari, talde eta klub onenak saritu ditu

Izaro Garcia 2026ko otsailaren 11

Fadurako Tiki Toki zentroan egin zen XIX. Getxo Sasoi Sasoian gala. © GETXOKO UDALA

Getxok kirolaren aldeko urte osoko lana eta ahalegina txalo artean aitortu zituen martitzenean, otsailaren 10ean, Fadurako Tiki Toki zentroan egin zen XIX. Getxo Sasoi Sasoian galan.

Banakako sari nagusietan, errugbiak eta belar hockeyak izan zuten protagonismo berezia. Senior mailan, Maider Aresti eta Naroa Azpitarte (Getxo Rugby Taldea) saritu zituzten, Espainiako selekzioagaz Europako titulua irabazi eta Munduko Kopan lehiatzeagatik. Gizonezkoetan, Juan Prado eta Juan Vilallonga (Jolaseta) omendu zituzten, 21 urtez azpiko Munduko Txapelketan txapeldunorde izateagatik. Promesen artean, June Larrañagak eta Telmo Fisherrek jaso zuten aitortza, biek ere Europako txapelketetan lortutako garaipenekaz etorkizun oparoa iragarriz.

Taldeek ere euren tokia izan zuten oholtzan. Getxo Bolei Kirol Taldeko emakumezkoek jauzi historikoa eman dute Espainiako lehen maila igota. Era berean, Arenas Clubek ere gora egin du mailaz. Gazteen kategorietan, Jolasetako kadete mailako neskek eta Getxo Igeriketa Waterpolo Bolue Elkarteko haur mutilek jaso zuten saria.

Ekitaldian, Amaia Aguirre alkateak kirola marka eta sailkapenen kontua bakarrik ez dela azpimarratu zuen; hau da, ohitura osasungarria, hezkuntza tresna eta komunitatea josteko bidea dela. Ildo horretan, hainbat sari berezi ere banatu zituzten, kirol inklusiboa, berdintasuna, babesletza eta euskararen erabilera sustatzen duten pertsona eta erakundeen lana aitortzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun