Euri-jasetan tratatu gabeko uren isurketa murrizteko, Ereagan eta Arrigunagan lanak egingo ditu Ur Partzuergoa

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 13a

Lanek Getxoko Portu Zaharreko aparkalekua behin-behinean ixtea eragingo dute.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak 2,1 milioi euroko inbertsioa egingo du Getxon, euri-jasetan tratatu gabeko isuriek itsasadarrean duten eragina murrizteko. Lanak daborduko martxan daude, eta 18 hilabeteko epea izango dute; helburua Ereaga eta Arrigunagako hondartzen inguruko ur-laminaren kalitatea hobetzea dela azaldu dute.

Proiektuak Portu Zaharreko eta Arrigunagako ponpaketetan esku hartzea aurreikusten du, baita Kakalekuko edo Tunelbekoa galerian ere. Azpiegitura horiek inguruko auzoetako hondakin-urak bildu eta Galindoko araztegira bideratzen dituzte, Gobelako kolektoretik barrena. Euri-jasa handiak daudenean, aldiz, gainezkatzeak gerta daitezke; hori ekiditeko, neurri gehigarriak ezarriko dituzte hondakin solido flotatzaileak atxiki eta itsasadarrera iritsi aurretik kontrolatzeko.

Batetik, Portu Zaharreko ponpaketan sare fineko hiru galbahe automatiko instalatuko dituzte, eta Arrigunagan beste bi, 6 milimetrotik gorako hondakinak atxikitzeko. Bestetik, Kakalekuko galerako bulkada-hodiak berrituko dituzte, aireztapena hobetzeko eta korrosioa saihesteko. 

Obrak Getxoko Udalagaz koordinatuta egingo dituztela iragarri dute, eta daborduko informazio-bilerak egin dute Portu Zaharreko Auzokideen Elkarteagaz eta udal-korporazioagaz. Hala, iragarri dute lanek aldi baterako eraginak izango dituztela, izan ere, Portu Zaharrean 45 aparkaleku kenduko dituzte behin-behinean, oinezkoentzako ibilbide alternatiboak egokituko dituzte, eta zenbait espaloiren okupazioa aurreikusi dute Kakalekun eta Arrigunagan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun