Udalaren arabera, aldaketaren helburua zerbitzua hobeto antolatzea eta kontrol teknikoa indartzea da, Proposatutako egituragaz, lanak hiru arlotan banatuko lirateke: berdeguneen garbiketa, berdegune publikoen mantentzea eta ertzen, ezponden zein areken zaintza.
ELAk azaldu duenez, berrantolaketak zerbitzuko 41 langileak hiru enpresa azpikontrataturen artean banatzea suposatuko luke. sindikatuaren ustez, horrek arrisku bat dakar: lan bera egin arren, langile batzuei baldintza eta hitzarmen desberdinak aplikatzea, baita soldata ezberdinak ere.
Sindikatuak gogorarazi du, halaber, 2024an langileek hiru hilabete baino gehiagoko greba egin zutela, eta mobilizazio haren ondoren adostu zela gaur egun indarrean dagoen hitzarmena. Ordutik, ELAk antolaketan hainbat aldaketa izan direla dio, greban parte hartu zuten langile eta ordezkari sindikal batzuei eragin dietenak; hau da, lanpostu-aldaketak, lekualdatzeak eta birkokatzeak, besteak beste.
Horregatik, ELAk zerbitzua zatitzeak lan-taldea sakabanatu eta negoziazio kolektiborako indarra ahuldu dezakeela uste du. Beraz, Udalari plana gelditzeko eta langileen arteko tratu-berdintasuna bermatzeko eskatu dio. Kontrakoan, ez dute mobilizazio berriak egitea baztertzen.