#0KM - Berton bertokoa

"Estudio K ia 40 urteko ibilbidea duen kooperatiba da, eta horrek ere izen eta kalitate-ziurtagiri bat ematen digu"

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 18a

Estudio Kren bulegoa Basagoiti etorbidean dago,l Algortako Batzokiaren aurrean.

Hirigintzara, ingeniaritza zibila eta arkitektura arloetako lanak egiten dituzte Algortako bihotzean kokatuta dagoen Estudio K-n. Kooperatiba txiki honek 10 bat langile ditu, eta ia 40 urteko ibilbidean hainbat motatako proiektuak burutu ditu, udalerrietako hirigintza antolatzeko plan partzialetatik hasita etxebizitzen zaharberritzeetaraino. Bertan lan egiten duten Aitor Sarria, Aitzol Landaburu eta Iñigo Gandariasegaz egon gara euren lana bertatik bertara ezagutzeko.

Estudio K duela 38 urte sortu zela kontatu du Landaburuk: "Kooperatiba txikia gara; bere garaian, EAEn sortu zen mota honetako lehen arkitektura-estudioa izan ginen". Izenari dagokionez, arkitektoak azaldu du kale egindako lehiaketa batetik datorrela, estudioaren lehen lanean Bilboko aurrezki kutxa bateko eraikina egiteko prozesura aurkeztu baitziren, baina ez zuten arrakastarik. "Hala ere, izena hor geratu zen gaur egun arte".

Kooperatiba izaerak beste estudio batzuetatik bereizten diela azpimarratu du Gandariasek, izan ere, horrek talde-lana sustatzeaz gain beraiek ezartzen dute ordutegia, zein leiheketetara aurkeztu... "Beste arkitektura estudio batzuetan arkitekto batek gidatzen ditu proiektuak, zuk planoak egiten dituzu eta berak zuzendu eta sinatzen ditu, baina hemen denon artean egiten dugu lan; gainera, denok gara herrikoak eta eskualdekoak, eta horrek sinergiak batzen laguntzen du". 

Oro har, lanen % 80 inguru administrazioarentzako egiten dituztela azaldu dute. Batetik, Eusko Jaurlaritzaren Osasun edo Hezkuntza sailentzako ikastetxeak edo osasun-zentroak berritzeko egitasmoak, eta, bestetik, hainbat udalentzako hirigintza arloko lanak. Sarriak orain arte egin dituzten proiektuetako batzuk zerrendatu ditu: "Urdaibaiko Plan Gidaria egin genuen; Mungiako eta Debabarreneko Lurralde Plan Partzialak; Bilbokoaren aurrerapena ere; Lazkaon eta Leioan ere ari gara beharrean gaur egun eta hainbat lan txiki ere egin ditugu Getxon, Urdulizen, Plentzian Sopelan, Gorlizen...".

Independentzia

Diotenez, normalean ez dute sustatzaile handiakaz lan egiten, bakarrik administrazioagaz edota Vivesa enpresa publikoagaz. Horiez gain, bizilagun-komunitateentzako igogailuen instalazioak, zaharberritzeak, fatxaden konponketak eta horrelako proiektuak gidatzen dituzte, baita baserrien erreformak ere. "Horrelako lanetan egoteak gure independentzia bermatzen du ez garelako sustatzaile handi baten menpe geratzen", azaldu du Landaburuk.

Hala ere, hirigintzaren eta arkitekturaren sektorea asko aldatu da azken urteotan, eta lehen "artistikoagoa" bazen, gaur egun zeharkakoak diren hainbat gai kontuan hartu behar dituztela dio Gandariasek: "Genero ikuspegia, hizkuntzaren ardura, jasangarritasuna, ingurumenari… Horrek arkitektura-lanari konplexutasuna eransten dio, baina aberastu ere egiten du, ikuspuntu desberdinetatik lantzeko aukera ematen baitu".

Etorkizunera begira, proiektuak aurkitzea eta belaunaldi berrien erreleboa dira beraien erronka nagusiak. Batetik, kooperatiba txikia izanik etengabe ari direlako lehiatzen, eta, bestetik, lehen belaunaldiko arkitektoak erretiratzen hasi direlako eta gazteagoen txanda delako orain. "Estudio K ia 40 urteko ibilbidea duen kooperatiba da, eta horrek ere izen eta kalitate-ziurtagiri bat ematen digu, jendeak ezagutzen gaituelako, baina gazteon lana da kalitate hori bermatzen jarraitzea, enpresak aurrera jarrai dezan", adierazi du Gandariasek.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun