EH Bilduk erabat gaitzetsi du atxilotuen nazionalitatea edo jatorria publiko egiteko proposamena

Izaro Garcia 2026ko otsailaren 19a

EH Bilduk erabat gaitzetsi du atxilotuen nazionalitatea edo jatorria publiko egiteko proposamena.

Koalizioaren arabera, "ez dago hori justifikatzen duen polizia- edo segurtasun-arrazoirik", eta neurria "eskuin muturraren eta muturreko eskuinaren presioari" erantzuteko planteatu da.

Alderdiak gogorarazi du bi hamarkadatan irizpide partekatu bat nagusitu dela arlo honetan, Arartekoak eta tokian tokiko eragile sozialek gidatuta. Jaurlaritzaren jardunari lotuta, kontraesan bat ere nabarmendu du: "Duela urtebete, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak berak orain aldarrikatzen duenaren kontrakoa defendatzen zuen".

EH Bilduren ustez, atxilotuen jatorria ezagutarazteak ez du "erabilgarritasun praktikorik": "Oso gutxitan eskaintzen du delituari buruzko informazio garrantzitsua, eta biktimari ere ez dio laguntzen". Aitzitik, ohartarazi du jatorria azpimarratzeak estereotipoak indartu eta talde jakin batzuk susmagarri bihurtzeko joera normalizatzen duela, eta "immigrazioa delinkuentziarekin lotzeko" arriskua handitzen duela.

Urtarrilaren 29ko eztabaida

Urtarrilaren 29an, gaia Bilboko Udaleko osoko bilkurara iritsi zen, eta hiru bide geratu ziren mahai gainean: PPk Udaltzaingoari atxilotuen jatorria publikatzeko eskatu zion; Elkarrekin Podemosek kontrakoa defendatu zuen; eta gobernu-taldeak, bi proposamenen aurrean, zuzenketa bidez segurtasun politika indartu eta bizikidetza sendotzea proposatu zuen. Hirugarren aukera hori atera zen aurrera, gobernu-taldeko alderdiek eta EH Bilduk babestuta.

Eztabaidan, udal-gobernuak berak jatorria baino, delituaren errepikapena zela arazoa azpimarratu zuen. Horregatik, EH Bilduk dio jarrera-aldaketa ez dela datuetan oinarritu, eta "ebidentzia teknikorik’" ez dela mahai gainean jarri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun