Raspasek salatu du Bilboko Portuko praktikoen itsasontzi batek klubeko ontzi bat irauli eta lagundu gabe alde egin duela

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 23a

Zapatuan iraulitakoa bezalako scull bikoitzeko ontzi bat, artxiboko irudian. © RASPAS ARRAUN ELKARTEA

Raspas Arraun Elkarteak publikoki salatu du Bilboko Portuko praktikoen itsasontzi batek klubeko scull bikoitz motako txalupa bat irauli zuela zapatuan, joan den otsailaren 21ean, Portugaleteko Nautika parean. Ontzian entrenatzen ari ziren beterano biak uretara erori ziren, baina elkarteak deitoratu duenez, praktikoen itsasontzia ez zen laguntzera gelditu.

Klubak azaldu du zapatuko 08:10ak inguruan jazo zela gertaera, baldintza onetan: eguna argia zen eta ikuspen ona zegoen eta ura bare zegoen. Elkarteak ohar bidez jakinarazi dutenaren arabera, Bilboko Portuko praktikoen ontzia abiadura handian eta arraun-ontzitik hurbilegi igaro zen kanpoko porturantz nabigatzen ari zela, eta sortutako olatuek berehala irauli zuen ontzia, bi kirolariak uretara botata. Salaketan azpimarratu dutenez, gertakariaren zatirik larriena ez zela maniobra bera bakarrik izan, baizik eta itsasontziak "bere bidea jarraitu" zuela gelditu gabe eta uretara eroritako arraunlariei laguntzarik eman gabe. 

Uretara eroritako arraunlariei laguntzera, Mojijonerako buia gorriaren parean zihoan Raspaseko beste ontzi bateko kideak joan ziren lehenengo; gainera, arraunlarietako batek Itsas Salbamendura deitu zuen, eta Itsas Salbamenduko Arriluze IV txalupak ere esku hartu zuen eta kaltetuei manta termikoak eta prebentziozko arreta eman zien. Raspaseko bozeramaileek adierazi dutenez, zorionez, ez zen ondorio fisiko larririk izan, baina gertatutakoak agerian utzi du "erantzukizun eta segurtasunarekiko konpromiso falta kezkagarria" itsasadarra partekatzen duten erabiltzaileen artean.

Horren aurrean, Raspas Arraun Elkarteak hiru eskari egin ditu bere oharrean: agintari eskudunek ikerketa ofiziala abiatzea praktikoen ontziaren jokabidearen inguruan; kirol-ontziek entrenatzen duten eremuetan nabigazio-protokoloak berrikusi eta indartzea; eta Bilboko itsasadarrean diharduten klub eta kirolarien segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea.

Azkenik klubak ohartarazi du "segurtasuna ezin dela presaren edo inertzia operatiboaren mende geratu", eta adierazi du bere kirolarien segurtasuna defendatzen jarraituko duela, halako gertakaririk berriro gerta ez dadin beharrezko ekintzak aztertuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun