Martxoak 8

Emakumeen borrokak eta erresistentziak ikusarazteko hamaika ekintza egingo dituzte Getxon

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 26a

Martxoaren 8aren harira hainbat formatutako jarduerak prestatu dituzte Getxoko Udalak zein elkarte feministek, emakumeek indarkeria matxista patriarkalei aurre egiteko garatu dituzten borrokak eta erresistentziak agerian jartzeko eta horiek aitortzeko helburuagaz. Era berean martxoaren 8an, domekan, hainbat deialdi ere izango dira kaleetan kolore morea gailendu dadin. 

Batetik, Getxoko Udalak emakumeek indarkeria matxista patriarkalei aurre egiteko garatu dituzten borrokak eta erresistentziak ikusarazi eta aitortzeko jarduera-sorta zabala prestatu du. Egitaraua martxoaren 2an abiatuko da, hitzaldi bategaz, eta hilabete osoan zehar erakusketak, tailerrak, kantu-poesia errezitaldia eta ipuin saioak egingo dituzte. Udalak, halaber, aurreko urteetan bezala, martxoaren 7 eta 8ko gauetan Areetako kaia eta udalerriko igogailuak morez argiztatuko dituela ere iragarri du.

Bestalde, udalerriko talde feministek kaleak hartuko dituzte martxoaren 8a. Hala, Euskal Herriko Mugimendu Feministak egun horretako lehen manifestazioa Telletxe plazatik abiatutako du 12:30ean, "Beste mundu bat feminismotik" lelopean. Aldiz, Itzubaltzetako Talde Feministak egun osoko programa antolatu du goizeko 10:00etan emakume sortzaileen azokagaz hasiko dena eta 18:00etako manifestazioagaz bukatuko dena.

Udalaren programa

Udalak martxo osoan egongo dituen ekintzen egitaraua martxoaren 2an hasiko da, 18:00etan, gordofobiaren inguruko solasaldi bategaz; Maitane Garciak arazo honen jatorri sozialak, heteropatriarkatuaren papera eta indarkeria horrek emakumeen bizitzan duen eragina jorratuko ditu. Martxoaren 3tik 30era, Bilaketa II erakusketa egongo da ikusgai: Guatemalako emakumeek memoriaren eta justiziaren alde egiten duten borrokari buruzko Cristina Chiquin Rodriguez argazkilariaren lana izango da, Lagun Artean GKEagaz antolatuta.

Hilabetean zehar, memoria eta erreferente feministak berreskuratzeko fanzine tailerra egingo dute martxoaren 11n eta 25ean, 18:00etatik 20:00etara, genealogia familiar eta komunitarioari begira jarrita. Martxoaren 13an, 18:00etan, A viva voz poesia eta kantu errezitaldia eskainiko dute Haizea Murgia poetagaz, Las poetas vivas klubeko kideakaz eta Lonbardak abesbatza feministagaz; prestaketa-saioak, berriz, otsailaren 27an eta martxoaren 6an egingo dituzte. Martxoaren 24an, 18:00etan, euskarazko helduentzako ipuin-saioa izango da: Hariak, orratzak eta zauriak, Mireia Delgadogaz.

Gazteen artean feminismoaren ezagutza eta genero-estereotipoen inguruko hausnarketa sustatzeko, Gaztelekuetan (11-17 urte) hainbat ekintza antolatuko dituzte. RKEko Gaztelekuan, martxoaren 3tik 8ra arrastian, Eusten duten emakumeen istorioak tailerrean mural kolektibo bat osatuko dute; martxoaren 6an, 18:00etan, bingo feminista egingo dute, eta martxoaren 7an pankarta feministak sortuko dituzte. Algortako Gaztelekuan, martxoaren 3, 5, 6, 7 eta 8ko arratsaldeetan ahalduntze feministari eta gizonezkoaren despatriarkalizazioari lotutako tailerrak egingo dituzte. 

Amaia Agirre alkateak nabarmendu du "emakumeen borrokak ez dira iraganeko kontua bakarrik; gure kaleetan, gure auzoetan eta gure etxeetan presente daude", eta Udalak "indarkeriarik gabeko eta berdinzaleagoa den Getxo baterantz aurrera egiteko konpromisoa" berresten duela. Carmen Díaz Kohesio Sozialeko zinegotziaren esanetan, programazioak emakumeen borrokak "agertzeko eta aitortzeko" balio du, eta, aldi berean, "biolentzien justifikazio edo ukazioa deslegitimatzen duen tresna" izan nahi du.

Egitaraua:

Martxoak 2, astelehena

  • 18:00 Hitzaldia: Gordofobia. Violencia social contra los cuerpos (Maitane Garcia), Gurarin.

Martxoak 3, martitzena

  •  Erakusketa: Bilaketa II (martxoaren 3tik 30era), Gurarin.
  • (arrastian) Tailerra: Eusten duten emakumeen istorioak (mural kolektiboa) (martxoaren 3tik 8ra), RKE Gaztelekuan.
  • (arrastian) Tailerrak: ahalduntze feminista eta despatriarkalizazioa, Algortako Gaztelekuan.

Martxoak 5, eguena

  • (arrastian) Tailerrak: ahalduntze feminista eta despatriarkalizazioa, Algortako Gaztelekuan.

Martxoak 6, barikua

  • 18:00 Bingo feminista, Romoko Gaztelekuan.
  • (arrastian) Tailerrak: ahalduntze feminista eta despatriarkalizazioa, Algortako Gaztelekuan.

Martxoak 7, zapatua

  • (arrastian) Pankarta feministak egiteko saioa, RKE Gaztelekuan.
  • (arrastian) Tailerrak: ahalduntze feminista eta despatriarkalizazioa, Algortako Gaztelekuan.

Martxoak 8, domeka

  • 10:00–14:00 Emakume sortzaileen azoka, Santa Eugenia plazan.
  • 11:00–17:00 Umeen doako zaintza, Santa Eugenia plazan.
  • 12:00 Solasaldia: Itzubaltzeta feminista eraikitzen. Zer behar dugu?, Santa Eugenia plazan.
  • 14:00 Txikien bazkaria (8€), Santa Eugenia plazan.
  • 15:00 Helduen bazkaria (12€), Santa Eugenia plazan.
  • 16:30 Bakarrizketa: Maria Blanco Mendizabal, Santa Eugenia plazan.
  • 18:00 Manifestazioa, Santa Eugenia plazan.
  • 19:00 Ekitaldia, Santa Eugenia plazan.
  • (arrastian) Tailerrak: ahalduntze feminista eta despatriarkalizazioa, Algortako Gaztelekuan.

Martxoak 11, eguaztena

  • 18:00–20:00 Fanzine tailerra (1. saioa), Gurarin.

Martxoak 13, barikua

  • 18:00 Poesia eta kantu errezitaldia: A viva voz, Gurarin.

Martxoak 24, martitzena

  • 18:00 Ipuin saioa (euskaraz): Hariak, orratzak eta zauriak (Mireia Delgado), Gurarin.

Martxoak 25, eguaztena

  • 18:00–20:00 Fanzine tailerra (2. saioa), Gurarin.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun