Getxoko Kirol Portuak 322 amarraleku eta 24 lokal kontratatu ditu kudeaketa berria martxan jarri zuenetik

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 4a

Daborduko 322 amarraleku-kontratu eta 24 lokal kontratatu dira. © GETXOKO UDALA

Getxoko Kirol Portuak aurrera jarraituko du amarralekuen eta lokalen alokairu-kontratuak erregularizatzeko prozesuagaz; izan ere, urtarrilaren 12an abiatutako ekimenaren ondorioz, daborduko 322 amarraleku-kontratu eta 24 lokal kontratatu dira, portuko kudeaketa zuzenaren etapa berrian.

Gaur egun, portuan 460 ontzirentzako lekua eta 27 lokal daude erabilgarri. Otsaila bukaerarako, amarralekuen %70 eta lokalen %90 erregularizatzea lortu da. Hala ere, portuko arduradunek gogorarazi dute kontratazioa oraindik zabalik dagoela, eta erabiltzaileek dagokien kontratua formalizatu behar dutela, bestela Portuko Ustiapen Araudian aurreikusitako neurriak aplikatu ahal izango direla.

Bestalde, portuko funtzionamendua hobetzeko, pantalanetara sartzeko sistema informatikoa berritu dute. Horren ondorioz, martxoko lehen aste honetan indargabetuta daude orain arteko sarbide-txartel zein kodeak, eta erabiltzaileek berriak eskuratu beharko dituzte portuko bulegoetan, identifikazioa aurkeztuta.

Kontratuak formalizatu gura dituztenek Kapitaintzako bulegoetara jo dezakete (09:00etatik 17:00etara) edo dokumentazioa aldez aurretik bidali posta elektronikoz. Era berean, 2026-2027 aldirako aparkaleku-txartel berria ere eskuragarri dagoela jakinarazi du Kirol Portuak, aurrekoa jada baliogabetuta geratu baita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun