Parte hartzea errazteko, Zeugaz plataformaren bidez egin daiteke proposamena, eguneko 24 orduetan; izan ere, Udalaren esanetan, helburua prozesua ahalik eta "erosoena" izatea da, etxetik bertatik eta denbora galdurik gabe. Hala ere, online aukeraz gain, aurrez aurreko bidea ere badago: paperezko formularioak bete eta postontzietan utzi ahal izango dira Areetako, Algortako eta Bidezabaleko metro-geltokien inguruetan, baita Benta gunean ere.
Proposamenei dagokienez, Udalak argi utzi du ideiak ulergarriak eta zehatzak izan behar direla, dirutan neurtu ahal izateko modukoak, udalaren eskumenekoak eta erabilera orokorrekoak. Gainera, teknikoki eta juridikoki bideragarriak izan behar dira. Horregatik, ez dute onartuko, besteak beste, diru-laguntzak eskatzen dituztenak, jada martxan dauden edo aurrekontua esleituta duten ekimenak, edo eduki iraingarri, diskriminatzaile edo legez kanpokoa dutenak.
Getxon erroldatutako 16 urte baino gehiagokoek parte hartu ahal izango dute, baita udal-erregistroan izena emanda duten erakundeak ere, betiere udalerrian egoitza edo establezimendu iraunkorra badute.
Zalantzak argitzeko, Udalak informazio-hitzorduak zein kalean bertan informazio-guneak ere antolatu ditu, eta parte-hartzeagaz lotutako kontsultetarako helbidea zabaldu du: partaidetza@getxo.eus