Getxoko Udalak milioi bat euro bideratuko ditu 2027ko aurrekontu parte-hartzaileetara herritarren ideiak gauzatzeko

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 6a

Getxoko hainbat puntu estrategikotan jarritako postontzietan utzi ahalko dira etxean jasotako formularioak.

Martxoaren 22ra arte egongo da martxan Getxoko Udaleko Aurrekontu Parte-hartzaileen lehen fasea. Horren bitartez, Udalak milioi bat euroko partida jarriko du herritarren eskura udalerria hobetzeko proposamenak egin ditzaten. 

Prozesu honetan Getxon erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek zein udalerriko elkarte eta erakundeek har dezakete parte, betiere proposamenak zehatzak, ekonomikoki egingarriak eta Udalaren eskumenekoak badira. Online bideaz gain, ekarpenak aurrez aurre aurkezteko aukera ere egongo da etxeetara bidaliko dituzten paperezko formularioen bidez, Areetako, Algortako eta Bidezabaleko metro geltokietan jarritako postontzietan utzita. Gainera, informazio-moduluak ere kokatuko dituzte hainbat gune estrategikotan, hala nola Algortako Telletxe plazan, Zubileta parkean, Bidezabalen, Areetan eta Fadurako kiroldegian, herritarrei laguntza emateko.

Gorka Mostajo Herritarren Partaidetzarako zinegotziak azaldu duenez, prozesu honen helburu nagusia getxoztarren ekarpenak modu arin eta errazean biltzea da, horretarako Zeugaz online plataforma lehenetsiko dute. Tresna horrek identifikazio-marka berria estreinatu du aurten, elkargunea eta ideien bidegurutzea irudikatzen duen X itxurako ikono bategaz, parte-hartze digitala azkarragoa eta gardenagoa dela ziurtatzeko.

Era berean, zalantzak argitzeko asmoagaz, Udalak hiru hitzaldi informatibo antolatu ditu datozen egunetarako: martxoaren 9an Bentan izango da saioa, eta martxoaren 11n RKEn zein Getxo Elkartegian. Behin ekarpenak jasotzeko epea amaituta, Udaleko zerbitzu teknikoek proposamenen bideragarritasuna aztertuko dute, eta baldintzak betetzen dituzten proiektuak bigarren fase batera igaroko dira herritarrek lehenetsi ditzaten. Informazio guztia eta galderak bidaltzeko aukera Zeugaz plataforman eta partaidetza@getxo.eus posta elektronikoan dago eskuragarri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun