Mendebaldeko Saharako egoerari buruzko solasaldia antolatu dute Getxon gatazkaren 50. urteurrena gogorarazteko

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 6a

Juan Soroeta EHUko irakaslea eta Giza Eskubideen Behatokiko presidentea eta Mujtar Leboihi Polisario Frontearen Euskadiko ordezkaria izango dira hizlariak.

Datorren martxoaren 12an, eguenean, Mendebaldeko Sahara, 50 urtez ahaztuta izenburuko solasaldia egingo dute arrastiko 19:00etan Benta gunean, ATFAL Sahararen aldeko Getxoko elkarteak eta Getxoko Udalak elkarlanean antolatuta.

Ekimen honek Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren 50. urteurrena izango du ardatz, eta Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziaren esanetan, helburua da "historikoki isildutako kausa hau ikusaraztea eta eremu publikoan kokatzea giza eskubideen zein nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik".

Saioan bi hizlari nagusi izango dira: Juan Soroeta, EHUko Nazioarteko Zuzenbideko irakaslea eta Giza Eskubideen Behatokia nazioarteko elkarteko presidentea, eta Mujtar Leboihi, Polisario Frontearen Euskadiko ordezkaria. Aditu hauek gatazkaren ikerketan eta ordezkaritza politikoan duten esperientzia partekatuko dute bertaratuakaz, eta behin hitzaldia amaituta, publikoak hizlariakaz zuzenean hitz egiteko eta hausnartzeko aukera izango du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun