Nola sortu zen Batuta Musika Eskola?
Betidanik buruan musika-eskola bat osatzea izan dut, eta 2019an musikalki hitz egiten oso momentu onean banengoen ere, lan arloan pixka bat galduta nengoen. Orduan, inori esan gabe, musika eskola bat osatzeko lokalak begiratzen hasi nintzen. Ez neukan inolako asmorik, baina lehenengo lokalean sartu nintzenean, nire buruan berehala eskola bertan imajinatu nuen; leku ezin hobea zela iruditu zitzaidan eta aurrera egiteko motibazioa aurkitu nuen. Lan gogorra izan zen pandemia bete-betean izan zelako, eta oztopo ugarirekin aurkitu nintzelako, baina azkenean, lan eta esfortzu handiagaz lortu nuen eta gaur egun Batuta dago.
Zer da eskaintzen duzuena?
Musika irakasten dugu, baina, batez ere, musikaz disfrutatzen. Tresna bat hartu eta beldurrik gabe lehen soinua ateratzeko ausardia izateko aukera izatea, taldean jotzean sortzen den konplizitatea sentitzea edo oholtza gainera igotzeko konfiantza eta amaieran irribarre handi batekin jaistea eskaintzen dugu.
Sormen musikalari leku askea eskaintzen dugu ere bai, ikasleei beraien obra musikalak konposatzeko bultzada eta laguntza emanez. Eskolan gure “famaren pasabide” propioa ere daukagu, non ikasleek beraiek konposatutako obrak aurkezten dizkiegun familiei harrotasun handiz.
Zerk bereizten du Batuta Musika Eskola?
Gure lan taldeak berezi egiten gaitu, familia bat bezalakoa gara. Irakasle eta ikasleen hurbiltasuna lehen momentutik sentitzen da, klase normal bat esperientzia eder batean bihurtuz. Arrakasta eta akatsak berdin ospatzen ditugu, zuzendu ondoren, noski, kar-kar. Gainera, adin guztietako ikasleak espazio berean elkartzen dira: hasiberriak eta beteranoak elkarrekin jotzen dute bata bestea osatuz; horrek izugarri aberasten du ikasketa-prozesua.
Horrekin batera, ikasturtean zehar hainbat ekintza egiten ditugu, hala nola Gabonetako abesti-lehiaketa, sormen-lehiaketa, non irabazleek ikasturte amaierako kontzertuan euren obra aurkezteko aukera izaten duten.
Zeintzuk dira etorkizunera begira dituzuen erronka nagusiak?
Metronomoak eta gizakiak ados jartzea, kar-kar. Gaur egun, pazientzia gero eta urriagoa da. Behin-behinekotasunaren sozietate batean bizi gara, baina musika ikastea denbora eta maitasun apur bat behar duen zerbait da. Ikasten duzun hori gutxika erein behar da eta eduki behar den pazientzia barneratzea ez da erreza. Eskolan ikasleen artean gozatze hori sumatzen da eta grina pizten duena mantentzea da konplexuena.
Etorkizunera begira komunitatea sendotzen jarraitu nahiko genuke, ikasleek ez dezaten musika soilik ikasi baizik eta musikan bizi eta urte batzuen buruan, "hemen hasi nintzen" harrotasunez esan dezatela. Azken finean, gure helburua ez da musikariak sortzea bakarrik, musikaz betetako pertsonak haztea baizik.