Gobela ibaiaren gorakadak Larrañazubi berriro urperatu duela salatu dute auzokideek

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 9a

Larrañazubi errekako inguruak urez gainezka, aste-akabu honetan. © GETXOKO UDALA

Getxoko Gobela Ibaiaren Kalteberentzako Elkarteak alarma guztiak piztu ditu berriro, joan den asteko euri jasoen ondorioz Larrañazubi auzoko etxeak urak hartu ostean. Auzokideek gogor salatu dute Faduratik behera dauden hustubide-zelaien mantentze-lana ez dela egiten, eta URA agentziari egoera arintzeko neurri zehatzak eskatu dizkiote.

Elkartearen arabera, Larrañazubi gune bereziki zaurgarria da ibaiaren kota altuagatik, eta "abandonu egoeran" dagoela salatu dute. Gainera, Gobela ibaiaren alerta-mailen aldaketa ere kritikatu dute; izan ere, gaur egungo sistema berriagaz, maila horia ezartzen denerako auzoa ia urpean dagoela adierazi dute, alerta laranjara iritsi beharrik gabe. Egoera paradoxiko honek prebentzio-marjina guztiak deuseztatzen dituela diote auzokideek.

Segurtasuna bermatzeko asmoz, elkarteak premiazko jarduerak exekutatzeko eskatu du, lehenagotik URAri iradokitako "jarduera txikiak" barne, puntu kritikoetan arriskua murrizteko. Bien bitartean, auzokideek euren kezkaren berri eman dute sare sozialetan, ibaiaren gainezkatzea eta euriteen magnitudea erakusten duten bideoak zabalduz, agintariei konpromiso eraginkor bat eskatzen dieten bitartean.

Fadurako futbol-zelaia ere uren azpian geratu zen aste-akabuan, Gobela ibaiak bertan ere egin baitzuen gainezka. Belar naturaleko futbol-zelai horretan Arenasek jokatzen du, besteak beste, eta, duela gutxi hori berritzeko lanaka burutu badituzte ere, zapatuan ibaiaren urek gainezka egin zuten horretan ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun