Getxok Salsiduko arrapala mekanikoak berritzeko lanak lizitaziora atera ditu

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 9a

Bidezabaleko arrapala mekanikoa, artxiboko irudian.

Getxoko Udalak Algortako Salsidu kaleko arrapala mekanikoak osorik modernizatzeko lanak lizitaziora atera ditu, horretarako ia milioi bat euroko inbertsioa eginez.

Lanek, zehazki, 993.347 euroko kostua izango du eta obrek gehienez 32 asteko epea izango dute. Helburua gaur egun dauden bederatzi arrapalen segurtasuna, fidagarritasuna eta funtzionamendu egokia bermatzea da. Horretarako, ekipo berriak jarri eta arrapala bakoitzean atzemandako kalteen arabera, eraginkortasunerako funtsezkoak diren piezak ordezkatuko dituzte.

Salsiduko arrapalen egoerak arazo handiak sortu ditu azken hilabeteetan, batez ere mugikortasun urriko pertsonentzat eta adinekoentzat, gune horretako hiri-mugikortasunerako lotura estrategikoa baitira. Udalak azaldu duenez, aurreko mantentze-kontratua duela urtebete amaitu zen, eta ordutik instalazioen egoerak eta sistemaren konplexutasunak zaildu egin dute berroneratzea.

Izan ere, hasierako azterketa teknikoek segurtasun-arazoak agerian utzi zituzten, eta horren ondorioz arrapala guztiak gelditu behar izan zituzten. Ondoren, premiazko lanak lehenetsi zituzten sistema bermekaz berraktibatzeko, baina ustekabeko arazoek zein gorabehera teknikoek ez dute ahalbidetu zerbitzua normaltasunez eta etengabe eskaintzea.

Gaur egun, bederatzi arrapaletatik bost berriz martxan jartzea lortu du Udalak, eta gainerako lauretan lanean jarraitzen du, datozen asteetan erabilgarri egon daitezen.

Bestalde, Udalak 538.651 euroko kalte-ordaina eskatzeko prozedura abiatu du arrapalen mantentze-lanez arduratu zen enpresaren aurka. Udalaren ustez, enpresak ez zituen kontratuko betebeharrak bete, eta, gainera, kontratuak iraun zuen bitartean hainbat zigor jaso zituen; azkenik, dagokion fidantza ere konfiskatu diote.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun