Getxok 1,3 milioi euro bideratuko ditu herriko kirola sustatzera

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 10a

Helburua tokiko kirol jarduera sustatzea da. © GETXOKO UDALA

Getxo Kirolak-ek aurtengo diru-laguntzak eskatzeko epea zabaldu du, eta guztira 1.297.800 euro banatuko ditu herriko kluben, elkarteen eta kirolarien artean. 

Iazko kopuru bera da, eta helburua tokiko kirol jarduera sustatzea da, bai oinarrizko kirolean, bai lehian ari diren kirolarien jardunean.

Laguntzen zatirik handiena lehiaketako jardueretara eta errendimenduko kirolera bideratuko dute, 795.000 eurokaz. Horrez gain, oinarrizko kirolak 260.000 euro jasoko ditu, eta ekitaldiak antolatzeko beste 228.000 euro bideratuko dira. Bestelako partidak ere aurreikusi dituzte herri kirolak, emakumeen kirola eta aparteko lehiaketak sustatzeko.

Udalaren arabera, diru-laguntza hauek klubek eta elkarteek euren eguneroko jarduerari aurre egiteko balioko dute, eta, aldi berean, banakako lehiaketetan parte hartzen duten errendimendu handiko tokiko kirolariak babesteko ere bai.

Laguntzak ematerakoan, hainbat irizpide hartuko dituzte kontuan; tartean, emakumeen kirola sustatzea, euskararen erabilera bultzatzea eta udalerriko elkarte-sarea eskola-kiroleko programen bidez inplikatzea.

Deialdiaren oinarriak eta eskabideak aurkezteko beharrezko dokumentazioa Getxo Kirolak-en webgunean daude eskuragarri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun