Bidegorri berriak Andra Mari-Aixerrota inguruko ikastetxeak Galeako pasealekuko bizikleta-erreiagaz lotuko ditu; azken hori, gainera, Algortako erdiguneraino doan sareagaz konektatuta dago. Udalaren arabera, konexio hori ikastetxeek eurek eskatu dute, eta udalerrian bizikletaz mugitzeko sare jarraituagoa osatzeko estrategiaren barruan kokatzen da.
Proiektatutako tarteak 2,20 eta 3 metro arteko zabalera izango du, eta bidea zatika galtzadatik eta oinezkoen gunetik igaroko da. Bostgarrena kalearen bidegurutzean, gainera, oinezkoentzako eta txirrindularientzako pasabide goratua egingo dute.
Obrek hiri-altzarietan eta zoladuretan hainbat egokitzapen ekarriko dituzte, baina Udalak azaldu duenaren arabera, egungo urbanizazioa errespetatu gura da. Horretarako, ibilbideei, zuhaitzei eta kale-altzariei eraginik txikiena egitea aurreikusi du; ahal den neurrian, gainera, egungo zuhaitzak mantendu egingo dute, eta bestela, beharrezko aleak inguruko berdeguneetara lekualdatuko dituzte.